Politika -

Katalunia

CiUren haustura iragarri du Convergenciak

CiUren "proiektu politikoa amaitu" egin dela azpimarratu du Convergenciak eta, ondorioz, CDC eta UDC alrdediak banatuta aurkeztuko dira iraileko hauteskundeetara.

Merce Conesa eta Josep Rull (CDC). Argazkia: EFE
Merce Conesa eta Josep Rull (CDC). Argazkia: EFE
CiUren proiektu politikoa amaitu egin dela azpimarratu du Convergenciak

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Rull Convergenciako (CDC) koordinatzaile nagusiak esan du CDC eta Unio (UDC) bereizita aurkeztuko direla irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeetara, eta amaitutzat eman du CiU federazioaren aroa. Horren esanetan, "itzulbiderik gabeko erabakia" da Kataluniako prozesuaren inguruan bi alderdiek dituzte diferentziak tarteko. Dena den, banaketa adiskidetsua izatea nahi duela azpimarratu du.

Atzo, Unio alderdiak Kataluniako Gobernutik ateratzeko hartutako erabakiaren ondotik, CDC alderdiaren batzorde exekutiboak premiazko bilera egin zuen eta bileran hitz egindakoaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini du gaur Josep Rull Convergenciako koordinatzaile nagusiak Merce Conesa bozeramailea alboan zuela.

Joana Ortega, Ramon Espadaler eta Josep Maria Pelegri kontseilari demokristauak Kataluniako Gobernutik ateratzea erabaki zuen atzo UDCko Gobernu Batzordeak, nahiz eta legegintzaldia amaitu arte Masen Gobernuaren egonkortasuna bermatzeko konpromisoa berretsi zuen.

Rullen esanetan, Katalunia independente baten aldeko plataforma batekin aurkeztu nahi du CDCk irailaren 27ko hauteskundeetara. Bestalde, adierazi du UDCk independentziaren alde ez dauden herritar horiek ere ordezkatu nahi dituela.

Aurrerago adiskidetzeko aukerarik egon daitekeen galdetuta, bi alderdiek kolaboratzen eta elkarrekin lanean jarraitzeko itxaropena azaldu du Rullek. Dena den, baztertu egin du berriz ere federazio bat sortzea.

Banaketa "adiskidetsua"

"CiU federazioaren proiektu politikoa amaitu da, nahiz eta termino autonomikoetan tresna baliagarria izan den. Banaketa adiskidetsua egin beharko dugu", azaldu du.

Azaldu duenez, bi aldeak hitz egiten hasiak dira elkarrekin pìlatutako zorra, diputazioak eta eskualdeko kontseiluak nola banatu erabakitzeko.

Kataluniako Parlamentuaren egonkortasunari dagokionez, Rullek esan du egonkortasuna bermatuta dagoela eta, are gehiago, bi osoko bilkura baino gelditzen ez direnean. Hala ere, azpimarratu du Kongresuko -UDCko Duran i Lleida buru duena- eta Senatuko taldeak eraberritu egin beharko direla eta ez dutela orain arte bezala funtzionatuko.

CDCko diputatuen eta senatarien bilera

CDCk haren Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko ordezkariak bilera batera deitu ditu CiUren banaketak izango dituen ondorioez hitz egiteko. Halaber, Duran i Lleida CiUk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen ordezkariaren jarraipena ere hizpide izango dute.

"Gauza jakina da ezin dugula orain arte bezala jarraitu, izan ere, jarrera ezberdinak izango ditugu hainbat gaitan. Aldaketak izango dira", ohartarazi du Rullek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur