Politika -

'Herriko tabernen' auzia

107 herriko taberna konfiskatzea agindu du Auzitegi Gorenak

Halaber, Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko 20 kideri ezarri zizkien zigorrak berretsi ditu, nahiz eta kasu batzuetan zigorrak arindu.

Rufi Etxeberria eta Joseba Permach, herriko tabernen auzian zigortutakoetako bi
Rufi Etxeberria eta Joseba Permach, herriko tabernen auzian zigortutakoetako bi
'Herriko tabernen' aurkako epaia berretsi du Auzitegi Gorenak

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herriko tabernen auziko epaia, Auzitegi Nazionalak ezarritakoa, berretsi egin du Auzitegi Gorenak. Alde batetik, 107 herriko taberna konfiskatzeko agindua berretsi du eta bestetik, urtebete eta 3 hilabeteko eta urtebete eta 10 hilabeteko zigorra ezarri die 20 akusatuei; tartean, Rufi Etxeberriari, Joseba Alvarezi, Karmelo Landari, Joseba Permachi eta Juan Cruz Aldasorori.

Gorenak partzialki bakarrik onartu ditu Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez, Karmelo Landa, Joseba Permach eta Juan Cruz Aldasoro ezker abertzaleko kideen helegiteak. Horiei hiru urteko zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, eta urtebete eta hamar hilabeteko zigorrera murriztu die Gorenak; hain zuzen ere, auzia luzatu izana hartu du kontuan epaimahaiak zigorra murrizteko. Denbora tarte horretan inhabilitazioa ere ezarri die epaileak. Bestalde, Auzitegi Nazionalak gainerako 15 akusatuei jarritako zigorrak berretsi ditu.

Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu Auzitegi Nazionalak bere garaian frogatutzat eman zituen ekintzak eta baita egindako kalifikazio juridikoak ere.

Gorenaren ebazpenaren arabera, probatuta geratu da "herriko tabernen bidez ETA finantzatzen" zutela zigortutakoek. Are gehiago, KAS/EKIN, Jarrai/Haika, Herri Batasuna eta Amnistiaren Aldeko Gestorak "erakunde sateliteen" ekintzetarako azpiegitura logistikoa osatzen zutela gaineratu du Gorenak. Halaber, erakunde horiek denak ETAk kontrolatzen zituela frogatutzat eman du.

Bestalde, herriko tabernak kale borrokarekin loturiko materialak eta propaganda gordetzeko erabiltzen zirela azpimarratu du Gorenak.

"Herri Batasunak herriko tabernak kontrolatzen bazituen, eta HB eta ETA gauza bera zirela jakina bazen, formalki herriko tabernen titular gisa agertzen zirenek ezin zuten ezin ikusiarena egin eta, beraz, bazekiten bertatik erakunde politikora heldutako baliabideak ETAren esku jartzen zirela", epaiaren arabera.

Ildo horretan, gaineratu du "talde terroristaren finantzazioa lagundu zutela".

Enkantean salduko dituzte

Herriko tabernak enkantean salduko dituzte, eta hortik ateratako dirua Estatuarentzat izango da.

Justizia Ministerioak jakitera eman duenez, horixe da prozedura Gorenaren erabakiaren ostean. Hala ere, Auzitegi Nazionalak jarri behar du indarrean ebazpena.

Hala, Auzitegi Nazionalak tabernen itxiera eta enkante publikoan salgai jartzeko agindua emango du.

Salmentan lortutako dirua Altxor Publikora bideratuko dituzte, baina Justiziak aitortu du prozesu hauek atzeratu egiten direla.

Sortu: ezker abertzalea zigortu nahi dute

Sorturen arabera, Auzitegi Gorenak herriko tabernak konfiskatzeko eman duen aginduak "lan politiko independentista zigortu" nahi du, ezker abertzaleari eta "etorkizunerako dituen asmo politikoei kalte" egitearekin batera.

"Edonola nahi dute galarazi independentismoa botererako egiazko alternatiba izatea, eta ebazpen hau tresna bat da helburu horretarako. Izan ere, euskal herritarrek euren etorkizunaren inguruko erabakirik ez hartzea nahi dute, eta badakite ezker abertzalea hori ahalbidetzeko tresna dela", salatu du Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena