Politika -

Herriko tabernen auzia

'36an egindako lokal eta ondasun lapurreta erreproduzitu du Gorenak'

Herriko tabernetako ordezkariek eta Eleak eta Libre mugimenduko kideek agerraldia egin dute Gorenaren epaia salatzeko, eta datorren asteburuan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Herriko tabernetako ordezkariek eta Eleak eta Libre mugimenduko kideek egin duten agerraldia. EiTB
Herriko tabernetako ordezkariek eta Eleak eta Libre mugimenduko kideek egin duten agerraldia. EiTB
Herriko Tabernetako ordezkarientzat, lapurreta egin du Gorenak

1:10

O.A. | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herriko tabernen auzian auziperatuek eta Libre eta Eleak mugimenduetako ordezkariek agerraldia egin dute larunbat honetan Zarautzen, Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko. Herriko Tabernetako ordezkarien izenean hitz egin du Koldobike Muniainek eta 1936an faxistek eginiko lokal eta ondasunen lapurretarekin parekatu du 107 herriko tabernen bahitzea.

Muniainen esanetan, "1936ko altxamendu faxistarekin sekula haustura demokratikorik egin ez duen" Estatuaren beste katebegi bat da ostegunean ezaguturiko epaia. Herriko tabernetako "espazio irekiak" desagerrarazi nahi izatea egotzi dio Espainiar Estatuari, baina azpimarratu ez duela Estatuak horrelakorik lortuko; hots, "kontrako efektua lortuko du".

"Inork ez dezala pentsa ostegunean ezer amaitu zenik. Ez dugu sententzia hau onartzen. Ez dugu lapurreta hau onartzen. Herriko tabernak defendatzera goaz eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu euskal herritarrak", gaineratu du.

Ildo horretan, datorren asteburuan, ekainaren 27an eta 28an, bahituak izango diren herriko tabernen herri eta auzo guztietan antolatuko diren protesta ekitaldietan parte hartzeko deia egin du.

Bestalde, Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak "eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa" salatu nahi izan du eta zigortutako pertsonei elkartasuna eta babesa adierazi die.

"Oraingoan, epaitu dituzten Ezker Abertzaleko militanteen aurkako erasoaz gain, 107 herriko tabernen aurkako erasoa ere izan da, honekin, euskal jendartea erasotuz. Izan ere, herriko tabernen inguruan biltzen den oro izan da erasotua, guztion eskubide zibil eta politikoak urratuz. Herriko tabernek herritarren hamaika konpromiso batu dituzte eta hau gelditzeko helburua badute, guk konpromiso gehiagorekin erantzungo dugu, herrikoak defendatuko ditugu auziperatuak defendatzen ditugun moduan. Erasoen aurrean konpromisoak batuz aurrera jarraituko dugu, guztionak diren eskubide zibil eta politikoak defendatuz", gaineratu du.

Auzitegi Gorenak aste honetan kaleratu du herriko tabernen auziko epaia eta, 107 herriko taberna bahitzeko agindu du. Halaber, urtebete eta 3 hilabete eta urtebete eta 10 hilabete bitarteko zigorrak ezarri dizkie 20 laguni.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Auzitegi Gorena bideoak Gaurko azken ordukoa