Politika -

Ika-mika

Fernandez Diaz: 'Iglesiasek borreroak lehenesten ditu, ez biktimak'

ETAko presoen sakabanaketak konponbide erraza du, Barne ministroaren ustez; ETAk eragindako samina jendaurrean aitortu, indarkeriari uko egin eta barkamena eskatzea besterik ez da behar.

Fernandez Diaz, gaur egindako agerraldian. Irudia: EFE
Fernandez Diaz, gaur egindako agerraldian. Irudia: EFE
Fernandez Diaz, gaur egindako agerraldian. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuaren Barne ministroak biktimak barik borreroak lehenestea eta ezker abertzalearen diskurtsoa bere egitea leporatu dio Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiari.

Ministroak Iglesiasek New Left Review aldizkarian euskal gatazkaren inguruan egindako adierazpenak izan ditu hizpide, ETAko ehunka preso familiengandik urrun egotea "arazo politiko tragikoa" dela esan baitzuen Iglesiasek hedabide horri eskainitako elkarrizketan. Podemosen arabera, baina, "itzulpen okerra" da eta "testuingurutik kanpo" atera dituzte Iglesiasen adierazpenak.

"Euskal arazoa arazo politiko tragikoa dela espainiarrentzat ondo baino hobeto dakite ETAko biktimek, hori argi dago", esan du Podemosen liderrak gaur. Gainera, sakabanaketa "salbuespena" da eta "familiei egiten die kalte", horren ustez.

Barne ministroaren esanetan, ETAko presoen sakabanaketak konponbide erraza du; ETAk eragindako samina jendaurrean aitortu, indarkeriari uko egin eta barkamena eskatzea besterik ez da behar hori aldatzeko.

Ahal Dugu Euskadiren balorazioa

Roberto Uriarte Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, ETAko presoei eta horien senideei ez zaie "mendeku politika" aplikatu behar. Uriarteren aburuz, ezin da "mendekuan oinarritutako irizpide bat" erabili, "delitu politikoak edo delitu arruntak" egin gorabehera.

Ahal Dugu Euskadiren ordezkariak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean esan eta Europa Pressek jaso duenez, "ezin daiteke egon mendekuan oinarritutako irizpidea, presoei dagokienez, egin dutena gorabehera eta delitu politikoak edo delitu arruntak egin gorabehera".

Horren ildotik, "tragedia handia da kartzelan, zoroetxean, errefuxiatuen zentro batean... dagoen pertsona bakoitzaren kasua, askatasunik gabe, pertsona horrek dituen erantzukizunak alde batera utzita, presoen kasuan bezala", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Presoak albisteak ETA Pablo Iglesias albisteak