Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gipuzkoan Kulturaren Kontseilua eratuko duela iragarri du Itxasok

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu sozialistak nabarmendu duenez, "sentsibilitate ezberdinetako agenteak" bilduko ditu Kontseiluan sormenari bultzada eman nahian.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu sozialistak Kulturaren Kontseilua eratuko duela iragarri du Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean. Kultura eta, batez ere, sormena bultzatzea izango du helburu, eta "parte hartzea, entzutea eta umiltasuna" izango ditu ezaugarri nagusi.

Foru gobernuko ardura hartu berritan eman duen lehen elkarrizketan nabarmendu duenez, "sentsibilitate ezberdinetako agenteak" bilduko ditu kontseilu honetan, "Gipuzkoak duen aniztasuna" kontuan hartu behar baita, eta bertan parte har dezaketen "izen batzuk" buruan dituela aitortu du.

Donostiako Tabakalera kultur alorrean erreferenteetako bat dela onartuta, goi mailako zinema eskola eratzeko asmoa ere iragarri du Itxasok. "Kataluniakoa eredu bezala hartuta, Donostian goi mailako eskola sortu behar dugu", azpimarratu du. Horren hitzetan, Gipuzkoan dagoen ekoiztetxe sare zabala aprobetxatu beharra dago, baita hiriburuan dauden neurri ertaineko zinema jaialdien bultzada ere.

"Akordioa denomizatuta egon da Gipuzkoan"

EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako foru gobernua osatzeko egin duten itunaz galdetuta, Itxasok esan du azken lau urteetan "akordioa demonizatuta" egon dela Gipuzkoan, eta sozialistek eta jeltzaleek, "alderdi ezberdinak izanda eta tradizio politiko ezberdina edukita", akordioa lortu badute, "Gipuzkoako interesak lehenetsi" dituztelako da.

Hori horrela, "malgutasun gehiago erakusteko eta dogmatismoak alde batera uzteko" deia egin du. Itxasoren hitzetan, oposizioak "zabalik izango ditu Aldundiaren ateak". "Kalean esaten den bezala, ahalik eta rollo onena eramango dugu", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Denis Itxaso Azken kultur albisteak