Politika -

polizia-operazioa

Bosgarren lagun bat atxilotu dute Ortzaizen, haren etxea miatu ostean

Graxi Etxebehere da atxilotua. Aurrez Euskal Irratiei eskainitako elkarrizketa adierazi duenez, "lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat. Ez dut batere dolu". Bere etxean bi su-arma labur zeuden.

Graxi Etxebehere, Ortzaizera heldu denean. Argazkia: @kazetaeus
Graxi Etxebehere atxilotu dute bere etxea miatu ostean

03:10

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak bosgarren lagun bat atxilotu du Ortzaizen (Nafarroa Beherea), asteartean ETAren kontra abiatuko polizia-operazioaren baitan. Graxi Etxebehere da atxilo hartutakoa, baieztapen ofizialik ez badago ere.

Nahasmen handia izan da atxiloketaren harira. Izan ere, hasiera batean haren etxea miatzera joandako agenteek Etxebehere atxilotu dutela zabaldu da. Gerora jakin da ez zegoela etxean Polizia joan denean, berak Euskal Irratiei eskainitako elkarrizketan argitu duenez.

Barne Ministerioak jakitera eman bezala, Etxebehereren etxebizitzan egindako miaketan bi su-arma labur aurkitu dituzte. Etxea Iñaki Reta Frutos eta Xabier Goienetxea zeuden eraikinetik 200 metrora dago. Bigarren etxe hau ere Ortzaizen dago, eta Retak eta Goienetxek gordeleku erabilia omen zuten.

Miaketan, informatika-material ugari aurkitu dute (ordenagailuak, disko gogorrak, memoria-txartelak eta USB memoriak); halaber, Espainia, Mexiko edo Italiako dokumentazio faltsua ere zegoen, ETAko ustezko bi kideren argazkiekin.

Sanferminetan zegoen

Etxebeherek adierazi duenez, Iruñean zen, sanferminetan, Polizia haren etxean sartu behar zela jakin duenean. 10:00ak pasatxo heldu da Ortzaizera, baina ez diote etxean sartzen utzi. Herriko alkateak egin ditu lekuko lanak. Miaketa 11:00etan bukatu dute, eta orduan atxilotu dute, Mediabaskek jakinarazi duenez.

Elkarrizketan zehar, Euskal Herriko arazoa konpondu beharra dagoela nabarmendu du Etxebeherek:"Bada jende anitz presondegitik presoen ateratzeko gogoarekin baina behar da zerbait egin ere ez diten sar. Behar da Euskal Herriko arazoa konpondu, eta hori pasatzen da desarmetik eta elkarrizketatik". Horrez gain, aitortu du "desarmatu nahi zuen talde bat lagundu" duela eta ez dela damu:

"Lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat[...]ez batere dolu" Graxi Etxebehereren hitzak #ortzaize

— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) julio 9, 2015

Horrez gain, asteazken goizaldean atxilotutako Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri askatzea eskatu du. Izan ere, azaldu duenez, "laguntasunagatik" bere etxean bizi ziren Reta eta Goienetxea hartu zituen bikoteak, bera San Fermin jaietara joan zedin. "Bihotzez nahi nuke dituzten zilo horretatik ateratzea", erantsi du.

Etxebehere kartzelan egondakoa da, 1992an 7 hilabeteko zigorra bete zuen, bi iheslariri aterpe ematea egotzita.

Baionako polizia etxean galdekatzen ari dira

Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAren logistika taldeko ustezko buruzagiak atxilotu zituzten asteartean Ortzaizeko etxebizitza batean. Handik ordu batzuetara, etxebizitzaren jabeak, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri, atxiki zituzten; eta gaur izan da azken atxiloketa. Baionako polizia-etxean dituzte bostak, eta bertan ari dira galdekatzen, Parisera noiz eraman zain.

Poliziek 96 orduko epea dute atxilotuta dauden pertsonak galdekatzeko, atxiloaldian. Epe hori amaituta, Pariseko terrorismoaren kontrako epailearen esku utzi behar dituzte, eta horrek erabakiko du kartzelara bidali edo libre utzi.

Bi urteko ikerketaren ostean burututako operazioa "oso garrantzitsua" izan dela nabarmendu zuen atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Haren hitzetan, ETA "heriotzaren ziurtagiria bakarrik falta zaion hilotza baino ez da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea