Politika -

Nafarroako Parlamentua

Barkos: 'Gobernu berriak ez du mendekutik eta gorrototik lan egingo'

'Gure gizarteak esan digu bere begiradaren prisma beste bat dela, poliedrikoa, aurpegi gehiago dituena', esan du Geroa Baiko hautagaiak, euskaraz eta gaztelaniaz egin duen hitzaldian.

Uxue Barkos (Geroa Bai), gaurko hitzaldia. EiTB.
Uxue Barkos (Geroa Bai), gaurko hitzaldia. EiTB.
Uxue Barkos: 'Aldaketa sakonaren garaia heldu da Nafarroara'

2:54

I. A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako presidentegaiaren hitzaldiarekin ekin diote Inbestidura Saioari Nafarroako Parlamentuan, Ainhoa Aznarez ganberako presidenteak aurkezpena egin ondoren. Parlamentuan gaur batu diren alderdi guztiei eskerrak emanez hasi du bere agerraldia Barkosek.

Euskaraz eta gaztelaniaz egin duen hitzaldian, Geroa Baiko hautagaiak esan du Nafarroa garai berri baten atarian dagoela, aldaketa politiko baten atarian.

"Gure gizarteak esan digu bere begiradaren prisma beste bat dela, poliedrikoa, aurpegi gehiago dituena, eta figura hori interpretatzen jakinez gero, posible dela oraina eta geroa egokiago eta jasangarriago eraikitzea", esan du.

Haren ustez, "ez digute erraz jarri, baina horretarako gaude: politika beste modu batean egiteko gai izateko, forma berriekin, ahalmen handiagoarekin eta adimen gehiagorekin; negoziaketa eta adostasuna erabakiak hartzeko tresna hoberena egiten dituena".

Barkosen irudikoz, Nafarroako Parlamentuko gehiengo zabalak "aldaketa" aldarrikatzen du, eta politika sozialagoak eta integratzaileagoak bultzatuko dituztela agindu du. Berdintasuna bermatuko duten neurrien alde lan egiteko dutela gaineratu du, eta Nafarroako errealitate kulturala eta linguistikoa errespetatu eta aitortuko duen Gobernua osatuko dutela nabarmendu du.

Gaurtik abiatuko duten bide berrian, aldaketaren aldeko apustua egin duten alderdiek atzera ez egitea espero duela azpimarratu du.

Helburu orokorrak azaldutakoan, ostiralean izenpetutako Akordio Programatikoan jasotako ildo nagusiak aletu ditu Barkosek.

Eskubide sozialak

Nafarroako Gobernu berriaren "premiazko lehendabiziko egitekoa" eskubide sozialen alorrean egongo da; krisi ekonomikoak "bereziki zigortutako" herritarren egoera hobetzea izango da Barkosen exekutiboaren lehentasuna.

Nafarroan, egun, 30.000 pertsona pobrezia gordinean bizi direla gogora ekarri du, eta datu hori "onartezina" dela gaineratu.

Adostutako neurrien artean, "Gizarte Ongizatearen Behatokia" sortzeko asmoa azpimarratu du, "gizartea aldarazten duten arrazoi eta faktoreen ikerketa bideratzeko eta eskaera eta beharrak aztertzeko, eta, horrela, pobreziari, bazterketari, mendekotasunari eta gizartearen beharrei buruz gehiago jakiteko, eta benetan garatzen laguntzen duten politikek bereziki adierazleetan duten eraginaren arabera ebaluatu ahal izateko ekintza politikoa".

Argazkia: EFE

Enplegua

Enpleguari dagokionez, Barkosek adierazi du % 15-16ko langabe-tasa duela Nafarroak, eta horri aurre egiteko ahaleginak egingo dituztela. Gobernu berreiak industria aurrerakoi baten aldeko apustua egingo du, eta, besteak beste, energia berriztagarriak bultzatzea, lehen sektorearekin lotutako zerbitzuak indartzea, turismo bateratzailea sustatzea eta teknologia berriak hedatzea izango dituzte ardatz.

Berrikuntzaren, nazioartekotzearen edota ekonomia sozialaren aldeko konpromiso estrategikoa hartu dutela ziurtatu du Barkosek.

FiskalitateaGeroa Baiko hautagaiaren iritzian, Nafarroak erreforma fiskala behar du, baliabide berriak sortuko dituena, enplegua sustatzeko eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko. Inor baztertuko ez duen zerga erreforma progresiboa iragarri du. Inguruko ereduak kontuan hartuko dituztela ere azpimarratu du.

Uda ostean aurkeztuko du erreforma Barkosen gobernuak, gaurko hitzaldian jakitera eman duenez. Erreformak 2016an indarrean sartzea da euren asmoa, eta legealdi osorako neurriak izango direla esan du.

Besteak beste, iruzur fiskalari aurre egiteko neurriak areagotuko dituztela aurreratu du.

Hezkuntza eta hizkuntza politikaHezkuntza izango da gobernu berriaren "obsesioetako bat", Barkosek hitzetan. Besteak beste, LOMCE legea geldiarazteko neurriak ezartzen ahaleginduko direla esan du, araua bertan behera gera dadin.

Halaber, D eredua Nafarroa osoko hezkuntza sare publikora zabaltzearen alde lan egingo dutela esan du presidentegaiak.

Hizkuntza politika berri bat ere jarriko dute indarrean, herritar guztien eskubideak bermatuko dituena eta euskararen normalizazioa ardatz hartuko duena. Horretarako, herritarrak alfabetatzea eta euskalduntzea izango dira lehentasunak esparru honetan.

"Euskara Nafarroaren hizkuntzetako bat da. Hizkuntza gutxitua da, eta, beraz, berreskuratze prozesu bat beharrezkoa da, nafar guztien onerako eta aberastasunerako", azaldu du.

Osasuna

Osasunak oinarrizko eskubide bat izatea babestuko du Barkosen exekutiboak. Hori horrela, azken urteotan murrizketak pairatu dituztenen eskubideak berreskuratzea lehenetsiko dute.

Nafarroako osasun arloko profesionalek urteetan egindako lana txalotu du, Foru Erkidegoa hainbat esparrutan aitzindari eta erreferente izan delako. Nafar guztiek oinarrizko osasun zerbitzuak eskura izatea lehentasuntzat jo du.

Uxue Barkos EFE

Argazkia: EFE

Berdintasuna

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko plan estrategikoa abian jarriko dutela aurreratu du Barkosek, genero indarkeriaren kontrako neurri zorrotzak erdigunean jarrita.

Berdintasunerako Nafarroako Institutua berriro abian jarriko dute eta Berdintasunerako Foru Legea landuko dute, horren hitzetan.

Gazteria eta kirolak

Etxebizitza izateko eskubidea eta enplegu duina izango dira Gazteriaren alorreko agendako bi zutabe nagusiak.

Kirolari dagokionez, berriz, lege aldaketak iragarri ditu, besteak beste, azpiegitura publikoen erabilera arautzeko. Horrez gain, umeen eta adinekoen artean kirola bultzatzeko egitasmo bereziak jarriko dituzte martxan.

Zerbitzu publikoak

Zerbitzu publikoen atalean, Kultura nabarmendu du. Barkosen hitzetan, kultur politikaren helburua bikoitza izango da; batetik, gizartean elkarrekin bizi diren kulturen baloreak bultzatzea, balio bateratzaile modura, eta, bestetik, egungo gizartearen erronkei erantzungo dieten kultur proiektu sortzaile eta berritzaileak sustatzea.

Autogobernua

Nafarroaren autogobernua esparru guztietan defendatuko dutela hitz eman du Geroa Baiko kideak. Espainiako Gobernuarekin 2015-2019rako ekarpena berriro negoziatuko dutela aurreratu du, eta Ikerkuntza eta Garapena, Trafikoa edota espetxeen ardura Foru Erkidegoaren esku geratzeko lan egingo dutela iragarri du.

Nafarroako Gobernuak egin berri duen Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma eta Erkidegoen Finantziazio Legea berrikustea ere izango da Gobernuaren helburuetako bat.

Bestalde, Nafarroa-Akitania-Euskadi elkarlanerako protokoloa berriro martxan jarri nahi dute.

Bakea eta elkarbizitza

Biktima guztiak, salbuespenik gabe, aintzat hartuko dituen politika egingo dute, bakearen eta elkarbizitzaren alde.

Lan honetan, Barkosen ustez, ezinbestekoa da biktima guztiek jasandako mina aitortzea. "Nafarroak urte gehiegiz jasan du indarkeria eta giza eskubideen eta eskubide politikoen urraketa, baina orain garai politiko berri bat zabalduko da, normalizazio demokratikoaren bidean", adierazi du.

Uxue Barkos EFE

Argazkia: EFE

"Mendekurik eta gorrotorik gabe"

Hitzaldia amaitzeko, Barkosek esan du gobernu berriak ez duela gorrotik eta mendekutik lan egingo, zentzuzko aldaketa bat gauzatu nahi dutelako, denboran iraungo duena. "Herritarrek eskatutako aldaketa da, denboran iraungo duena, mendekurik eta gorrotorik gabe", gaineratu du. UPNri elkarlanerako eskua luzatu dio.

Ordubete inguruko hitzaldian, Barkosek gogor salatu ditu Maria Jose Beaumont Barne Kontseilari berria izango denaren inguruan azken egunotan esan direnak. Presidentegaiaren irudikoz, EH Bilduk proposatutako hautagaiaren inguruan esandakoak "oso larriak" eta "onartezinak" izan dira.

Etorkizunaren giltzak gardentasuna eta aniztasuna izango dira, Barkosen arabera. "Nafarroa horrengatik, gizarte horrengatik nago hemen, eta Nafarroa hori eraikitzen laguntzeko zuon konfiantza eskatzen dut", erantsi du.

Uxue Barkos Nafarroako presidente izendatzeko bozketa 19:00etan izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos bideoak