Politika -

Primarioak

Pablo Iglesias Podemosen presidentegai izango da, babes zabalarekin

Bere taldekideek lortu dituzte Diputatuen Kongresurako hauteskunde orokorretarako zerrendako lehenengo postuak.

Pablo Iglesias. Argazkia: Efe
Pablo Iglesias.
Pablo Iglesias. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemosen primarioetan Pablo Iglesiasek lortu du Espainiako Gobernuko presidentegai izateko babes handiena, % 93,89ko babes zabala lortu baitu, eta bere taldekideak izango dira Diputatuen Kongresurako hauteskunde orokorretarako zerrendako lehenengo postuetan.

"Pablo Iglesias Taldea" osatzen zuten 65 pertsonek eskuratu dituzte primarioetako boto gehien, nahiz eta beste bederatzi zerrenda ere aurkeztu dituzten. Azkenean, Podemosen izena emanda dauden 380.548 pertsonatik 59.723k soilik eman du botoa, % 15,69k.

Pablo Echenique Podemosen Hauteskunde Batzordeko presidente eta alderdiaren Aragoiko idazkari nagusiak eman du primarioetako emaitzen berri. Echeniquek garrantzia kendu nahi izan dio parte-hartze txikiari, eta primarioetako araudiarekin egon den polemikarekin zerikusia izan dezakeela ukatu du. Izan ere, kritikak jaso ditu barne-hauteskundeetarako araudiak, Kongresurako barruti bakarra ezartzen zuelako, eta zerrenda oso bat hautatzeko aukera ematen zuelako.

"Emaitza oso ona da, 59.000 pertsonak ez du bozkatzen hemen inongo prozesutan", adierazi du Echeniquek, eta bere alderdiaren sistema "alde handiarekin" dela "demokratikoena" azpimarratu du, PSOEren "primariorik gabeko primarioen" eta PPko "hatzen" aurrean.

Zerrenda

Iglesiasen atzetik, Iñigo Errejon Podemosen bigarrena joango da, bigarren bozkatuena izan baita. Gero Carolina Bescansa Analisi idazkaria, Irene Montero arlo koordinatzailea, Rafael Mayoral Gizarte Zibilarekiko Harremanen burua, Sergio Pascual Antolakuntza idazkaria eta Luis Alegre Madrilgo idazkari nagusi eta herritarren batasunerako arduraduna, besteak beste.

Ondoren daude zerrendan Pablo Bustunduy, Angela Ballester eta Auxiliadora Honorato, alderdiko zuzendaritzako kideak denak, eta David Bravo informatika eskubide eta jabetza intelektualeko abokatu aditua ere.

Independente sorta bat ere badago zerrendan, tartean Tania Sanchez IUren hautagai ohia, Jose Manuel Gomez Benitez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide ohia eta Juan Antonio Delgado Guardia Zibilen Elkarte Bateratuaren bozeramaile izandakoa.

Gainera, hautagaitzan sartu dira Diego Cañamero Andaluziako Langileen Sindikatuko bozeramaile nazionala, Jose Manuel Sanchez Gordillo Marinaledako alkatea, eta Benito Zambrano zine zuzendaria, "Utopia eta Duintasuna" izeneko zerrenda alternatiboan zihoana. Hala, horiek izan dira Pablo Iglesiasen zerrendako kideen atzetik boto gehien lortu dituztenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Hauteskunde orokorrak Espainian Espainiako Gobernua bideoak Unidas Podemoseko buru ohia Hauteskundeak Podemos albisteak