Politika -

Eskumen-gatazka

Jaurlaritzak helegitea jarri dio Estatuko trenbideen katalogoari

Bere iritziz, katalogo horrekin Estatuak berriro "blokeatu" nahi du Trenbideen esparruko eskumena EAEko administraziori emateko betebeharra.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jarri du Konstituzio Auzitegiaren (KA) aurrean "interes orokorreko" eta, hortaz, transferitu ezin daitekeen trenbideen katalogoa dela-eta, katalogo horretan bere osotasunean Euskaditik pasatzen diren tarteak barne hartzen baitira.

Aipatutako errekurtsoa Espainiako Gobernutik katalogoa zuzentzeko eskabideari ezezko erantzuna jaso ondoren jarri du Jaurlaritzak, ulertzen baitu erabaki horrekin Trenbideen esparruko eskumena EAEko administraziori emateko betebeharra "blokeatu" egin nahi duela beste behin ere.

Ohar baten bidez, Gasteizeko Gobernuak azaldu du bigarren aldia dela legegintzaldi honetan Espainiako gobernuak "interes orokorreko" katalogoan sartzen dituela Euskadiko bide-zatiak, eta horrek "trenbideen eta obra publikoen gaineko transferentziak de facto eta modu iraunkorrean blokeatzea dakar".

"Estatuak trenbide-zati horiek interes orokorrekotzat hartu dituenez, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organismoren batek kudeatu behar ditu nahitaez, RENFEk edo ADIFek kasu".

Jaurlaritzak salatu du katalogo horretan sartutako linea guztiak, bidaiarienak zein salgaienak, Euskal Autonomia Erkidegoan hasi eta amaitzen direla. Horrenbestez, "erkidegoz gaindiko interesa justifikatu ezinekoa da eta ez dira, inola ere ez, funtsezkoak Estatuko garraio-sistema komuna bermatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea