Politika -

Espainiako hauteskundeak

PP: 'Autodeterminazioa lortzeko, Podemos gobernuan nahi du EAJk'

PPk Bizkaian duen idazkari nagusiaren arabera, "elkarrizketak" egon dira bi alderdien artean.

PP: 'EAJk Podemos Gobernuan ikusi nahi du'

01:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Ruiz Bizkaiko PPko idazkari nagusiaren arabera, EAJk Podemos eta PSOE nahi ditu Espainiako Gobernuan autodeterminazioa lortzeko helburuarekin. Izan ere, Ruizen hitzetan, "Pablo Iglesias autodeterminazioaren eta ETAko presoak askatzearen aldekoa da", eta bera gobernuan egoteak bide horretan lagunduko luke.

Konstituzioa erreformatzeko prest agertu da Ruiz, eta Euskadiko PP ere horren aldekoa dela azpimarratu du, zentralizazioa eta haustura bazter utzita. "Alderdi Popularrak uste du Estatutua hobe daitekeela, baina, hori gorabehera, integraziorako eredu ona da eta eskuduntzen maila handia du", agertu du.

Zentralizazioaren kontrakoak direla azpimarratu du buruzagi popularrak: "Horiek EAJren argudioak dira; PPk ez du horren alde egingo. Estatuaren eta autonomien eskuduntzak hobeto zehaztu behar dira, gatazkak saiheste aldera".

EAJren jarrerarekin oso kritiko azaldu da Ruiz. Horren esanetan, "subiranotasun partekatua eta aldebikotasuna terminoak erabiltzen dituzte jeltzaleek, baina diruz lagundutako independentzia izendatzeko eufemismoak dira. EAJk independentzia politikoa nahi du, baina Espainiarekin harreman ekonomikoak hautsi gabe, jakin badakielako Espainia berme ekonomikoa dela. Hori, kaleko hizkeran, aurpegi gogorra izatea da".

Horren ildoan, herritarrei "garrantzitsuena" kontatzeko eskatu dio EAJri; hau da, "haustura agertoki horren ondorio ekonomikoak" azaltzeko. Hain justu, Espainiako hauteskundeen ondotik ateratzen den gobernua gakoa izango da, Ruizen esanetan. Bi aukera bakarrik daude, PPko buruzagiaren hitzetan: "PSOEk, Podemosek eta EAJk osatutako troika erradikala eta PPren hiru E-ren hiruhortzekoa: Euskadi, España, Europa".

"Zalantzarik ez dugu. Pablo Iglesias Espainiako hurrengo gobernuan nahi du Ortuzarrek, eta badakigu kontaktuak daudela euren artean. Izan ere, autodeterminazioaren eta ETAko presoak askatzearen eta hurbiltzearen aldekoa da Pablo Iglesias", esan du Ruizek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ PP Javier Ruiz PP