Politika -

Zorion-telegrama

Rajoy Athletici buruz: 'Eredua eta harrotasuna espainiar guztientzat'

Zorion-telegrama bat bidali dio Athleticeko presidenteari, Superkopan erdietsitako garaipenarengatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak telegrama bat igorri dio Athletic Clubeko presidente Josu Urrutiari talde zuri-gorriak Superkopan lortu duen garaipenarengatik zorionak emateko. Rajoyren aburuz, Athletic "eredua eta harrotasuna da espainiar guztientzat".

Presidentzia Ministerioak jakinarazi duenez, telegraman honako hau adierazten du Rajoyk: "Nire zorionik beroena 2015eko Espainiako Superkopa hau irabazteagatik, klubaren historiako bigarrena".

Talde zuri-gorriak Bartzelonaren aurka jokatu dituen "emozioz betetako bi partidak" aipatzen ditu mezuan Rajoyk, eta hauxe gaineratzen du: "Beste behin ere 'lehoien' zaleen berotasuna eta gogoa 12. jokalari bihurtu da".

"Garaipen itzel honekin talde guztiaren grinak, batasunak eta balioak saria jaso dute, eta klub historiko hau eredu eta harrotasun bihurtzen dute espainiar guztientzat".

"Aupa Athletic!" esanez bukatzen du bere telegrama.

Aurretik, norgehiagoka bukatu bezain laster, Rajoyk txapeldun berriak zoriondu zituen Twitterreko bere kontu ofizialaren bidez:

 

Urkullu ere zorion-agurrekin bat

Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak ere talde zuri-gorria jasotzen ari den zorion-mezuekin bat egin du, eta, horrela, Josu Urrutia Athleticen presidentea zoriondu du gaur goizean.

Dena dela, lehendabiziko zorion-agurra atzo gauean igorri zuen, bilbotarrak eta bartzelonarrak aurrez aurre jarri zituen partida amaitu ostean, hain justu ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Rajoy albisteak