Politika -

Eztabaida Kongresuan

Montorok 'lelo pozoituak' egiten ditu Aurrekontuen inguruan, dio EAJk

Azpiazuren esanetan, Gobernuaren hazkunde-ereduak "produktibitate txikia, soldata baxuak, prekarietatea eta ezberdintasunak" ekarriko ditu.

Euskadiri bizkarra ematea leporatu diote Gobernuari euskal alderdiek

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan ekonomia gaietarako duen bozeramaileak deitoratu egin du Cristobal Montoro Ogasun ministroak 2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan proposatutako eztabaida, "huskeriak" eta "lelo pozoituak" baititu atzean, eta hauteskunde aurretik promesa ugari egitea baitakar, gero ez betetzeko.

Datorren urteko kontuen aurrean osoko zuzenketa aurkeztu izana azaltzeko Behe Ganberan egin duen hitzaldian nabarmendu duenez, proiektua abuztuan aurkezteko erabakiak galarazi egin du informazio ekonomiko "nahikoa" izatea, aurreikuspenek "gutxieneko bermeak" izan ditzaten, eta, hori dela eta, "zenbakiak asko behartu" behar izan dira, "beharrizanik gabe".

Are gehiago, Gobernuaren hazkunde-ereduak "produktibitate txikia, soldata baxuak, prekarietatea eta ezberdintasunak" ekarriko ditu, jeltzalearen esanetan, eta ez du langabezia % 20tik behera egotea lortuko.

"Hau ez da elektoralista, ezta, Montoro jauna? Baina errealitate hutsa da", esan dio Azpiazuk. EAJren bozeramaileak ez du ukatu ekonomiak hobera egin izana, baina "ez da harro egoteko modukoa", langabeziak argi erakusten baitu Espainia "krisialdi ekonomiko sakonean" dagoela oraindik. "Eta zuk jo eta ke jarraitzen duzu hauteskunde propagandarekin", gaineratu du.

Azpiazuk azpimarratu du inbertsio publikoak 2007koaren "heren bat" izaten jarraitzen duela. Gainera, azken lau urteotan, "austeritate santuaren izenean, jarduera ekonomikoa, hazkundea eta ekonomiaren gaitasuna zapuztu dira", susperraldia "kanpoko" faktoreen esku jartzen den bitartean, eta "edozein momentutan alda litezke".

Hala, PPk "sektore publikoa are gehiago murriztea proposatu du, etorkizuneko eredu gisa", nahiz eta horrek arriskuan jarriko dituen zerbitzu publikoak.

"Horren inguruan hitz egin nahiko genuke, ez huskeriez eta ondo ematen duten lelo batzuez, hauteskunde kanpainaurre honetan zuek erabiltzen ari zareten horietako asko pozoituta baitaude. Aurre egin behar zaie arazoei eta sakoneko eztabaidei. Egingo bazenute, ez zenukete hainbat gauza iragarri behar hauteskundeen aurretik eta kontrakoa egin gobernatzeko orduan", esan dio euskal diputatuak.

"Kontinuistak", Amaiurren iritzian

Rafa Larreina Amaiurreko diputatuaren arabera, kontuak "kontinuistak" dira eta Estatu espainiarreko arazo nagusiei aurre egin barik jarraitzen dute, alegia, langabezia eta ezberdintasun sozialak, baina badaude konprometituta espekulaziozko ekonomiarekin.

"Ez dira gai hazkundeaz baliatzeko, arazoak konpontzeko", esan dio Larreinak Montorori. Gainera, adierazi duenez, Aurrekontuak espekulazio-ekonomiaren araberakoak dira, langabeziaren aurkako borroka ez da lehentasunetako bat eta berzentralizazioa bultzatzen dute.

Larreinaren iritzian, Aurrekontuak krisia gutxien pairatu duten pertsonen eta sektore sozialen zerbitzura daude eta "bizkarra ematen diete" doikuntzaren ondorioak gehien pairatu dituztenei. "Gobernua azkarra eta bizkorra enpresa eta kapital handien beharrei erantzuteko orduan, baina ez diote axola herritar behartsuen oinarrizko beharrek", salatu du.

Bestalde, Aurrekontuak "gogorrak" dira epe luzeko langabeekin, ez diote iruzur fiskalari aurre egiten eta "Euskal Herriko errealitateari atzea ematen" jarraitzen dute.

Aipatutako guztiagatik, Larreinaren hitzetan, Amaiurrek osoko zuzenketa aurkeztuko du, baina, bide batez, aprobetxatu egin dute argi uzteko alderdiaren helburua ez dela Espainiak gobernatua izatea, baizik eta burujabetza erabili euskal herritarren beharrei erantzuteko.

Geroa Bai: "Zuhurtziagabekeria"

Gero Bairen aldetik, Bizente Serranoren hitzetan, Gobernua "zuhurtziagabekeriaz" jokatzen ari da Aurrekontuekin, hurrengo Gobernua baldintzatuta utziko dutelako.

Gaineratu duenez, Nafarroan egingo duten "ustezko" igoera "gezurra" da, diru-partidaren oinarria oso baxua izanda, guztira egingo den igoera oso txikia izango delako eta gutxien jasoko duen bigarren erkidegoa delako.

Horren ildotik, Joan Tarda ERCren bozeramaleak adierazi duenez, Aurrekontuak "triskantza" da herritar katalanentzat, arlo sozialari eta ekonomikoari dagokienez, eta, bere esanetan, Kataluniak % 16 izanda % 11 baino gutxiago jasoko du.

Halaber, Tardaren arabera, katalanek "ostikada, demokratikoki", emango diete aurrekontuei irailaren 27an, eta adierazi du Espainiako gobernuek Kataluniarekin hartutako konpromisoek ez dutela "ezer balio".

Olaia Fernandez BNGaren izenean mintzatu da eta azaldu du PPk egindako politika ekonomiko negargarria ondorengoei utzi nahi diela. Bere esanetan, aipatutako politika hori errotu eta "bertan geratzeko" etorri da, ezberdintasun sozialak eta prekarietateak bere horretan jarraituko duten bezala.

Fernandezen hitzetan, Gobernuak gastu soziala zigortu du berriz ere, igoera txiki horrek ez duelako Osasunean eta Hezkuntzan dauden zuloak estaliko. Era berean, kritikatu egin du Galizian % 1,7 gutxiago inbertituko dutela, aurreko urtearekin alderatuta.

Bestalde, Carlos Salvador UPNren diputatuak ez zuen osoko zuzenketa aurkeztu, eta gainerako taldeak kritikatu ditu, "oposizio" plantak egiten dutelako "2011an errotutako"testuak aurkeztu dituztelako, arazoak konpontzeko irtenbide gutxiekin.

Osoko zuzenketak atzera bota ditu PPk

Aurreikusta zegoen bezala, Kongresuak osoko zuzenketa guztiak atzera bota ditu, PPren gehiengo absolutuari esker.

Orain, taldeek zuzenketa partzialak aurkeztu beharko dituzte, biharko 14:00ak baino lehen.

Rajoy, pozik

Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidentea pozik azaldu da Kongresuaren gehiengoak Estatuko Aurrekontu Orokorrei emandako babesagatik, azken urteetako politika ekonomikoa mantentzea ahalbidetzen dutelako.

Hala erantzun die Rajoyk Kongresuko korridoreetan kazetariei, bozketaren inguruan galdetu diotenean.

"Oso pozik gaude", esan du presidente espainiarrak. Horren ildotik, "oso positiboa" da nazioarteko zenbait hedabidek Espainiako politika goraipatu eta eredutzat jo izana, esaterako, 'Financial Times' egunkariak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua PNV-EAJ Rajoy