Politika -

Elkarrizketa

Esteban: "Sortu eta PP urduri daude hauteskundeetarako"

EAJren diputatuak Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioan esan du legealdi berria "desberdina eta garrantzitsua" izango dela.

G.U.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Estebanek, EAJk Madrileko Diputatuen Kongresuan duen ordezkariak, Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioan adierazi du amaitu berri duten aurrekontu eztabaidak hauteskunde kanpaina zirudiela, PPren eta PSOEren agerraldiak ikusita. Nabarmendu du oso arraroa dela abuztuan aurrekontuak onartzea, eta "arrazoi elektoralak baino ezin direla ikusi horretan. Oinarri sendorik ez duten aurrekontuak dira". Hauteskunde osteko egoerari buruz esan du aurrerapausoa izango dela, aurreikuspenak bete, eta PPk gehiengo osoa ez lortzealortzen ez badu. "Aldaketak datoz, eta legealdi desberdina eta garrantzitsua izango da". Alderdi Popularra urduri ikusten du jeltzaleak, baita Sortu ere. Estebanek aipatu duenez, Sorturen obsesioa EAJ da: "kezkatuta dago Sortu hurrengo hauteskundeei begira; bere aurkari nagusitzat EAJ hartzen du".

Bestalde adierazi du EAJren eta PPren arteko harremanak ez direla onak. "Harrokeriarekin gobernatzen ari da, eta irabazi egin du, bere jokaerarekin, aliantzak egitea ezinezkoa izatea". Alabaina, ordezkari jeltzaleak ez du baztertzen aurretiaz inorekin akordiorik egitea hauteskundeen ostean: "politikan ateak beti zabalik izan behar dira alde guztietara", esan du.

Katalunia

Kataluniako hauteskundeetarako hilabete falta dela kontuan hartuta, jeltzaleak argi du hara adi begira egon beharra dagoela. "Ez dakigu zer gertatuko den, baina lehengo Katalunia ez da izango etorkizunekoa. Aldaketa egongo da eta negoziaketak beharko dira. Gobernu berriarekin, eta Kataluniako hauteskundeetako emaitzekin, beste memento bat zabalduko da, eta Euskaditik adi egon beharko dugu", aipatu du.

Dena dela, emaitzek eragin ditzaketen prozesuek ez omen diote eragingo EAJren jarrerari. Alderdi jeltzalearen lehentasuna Autogobernu Batzordea dela azpimarratu du, eta Madriletik errespetatzen ez badute, neurriak hartu beharko dituztela adierazi du. Alderdi bakoitzak bertan duen jarrera ikusi beharko dela esan du, eta etorkizunerako hori garrantzitsua dela. Halaber, nabarmendu du lehendakariak jendeari autogobernuaz galdetzeko adierazitako borondatea Batzordean lortutako akordioen baitan egongo dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Alderdi politikoak