Politika -

Konstituzionalaren erreforma

Mas: 'PPk zuzenbide-estatua suntsitu nahi du'

"Honek 30eko hamarkada ekarri dit gogora. Hau ez da zuzenbide-estatua, hau ez da demokrazia, hau izugarria da", azpimarratu du Generalitateko presidenteak.

Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea.
Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Masek esanetan, Alderdi Popularrak "zuzenbide-estatua suntsitu nahi du", Auzitegi Konstituzionalak zenbait kargu publiko zigortzeko aukera izateko lege ekinbidea abian jarrita.

Generalitateko presidenteak Gironako Merkataritza Ganberan eskainitako hitzaldi batean egin ditu adierazpenok. PPren asmoa "itxuragabea" eta "inkisitoriala" dela iritzi dio.

“Honek 30eko hamarkada ekarri dit gogora. Hau ez da zuzenbide-estatua, hau ez da demokrazia, hau izugarria da”, nabarmendu du.

“Espero dut honen guztiaren ondorioz jendeak begiak irekitzea, oraindik norbaitek begiak itxita baldin baditu behintzat”, adierazi du Masek. “Espainia mundura zabaltzeko lan asko egin da, eta orain hori guztia pikutara joatear dago”, deitoratu du.

Felipe Gonzalezen gutuna

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente izandakoak joan den igandean El País egunkarian argitaratutako gutuna ere izan du hizpide.

“Okerrena ez da naziak izatea leporatu izana; bozkatzen duguna bozkatuta ere, Katalunian denak berdin jarraituko duela esatea da okerrena; hori esatea oso larria da, hauteskundeek ezertarako balioko ez dutela adierazi duelako”, azaldu du. “Eta hori ez du Aznarrek esan. Hori guztia Felipe Gonzalezek esan du”, erantsi du.

Masek gogora ekarri du Katalunia “beti” aritu izan dela Espainiarekin “elkarlanean”, baina orain Estatuak “autogobernua kendu digu”.

Horrenbestez, irailaren 27ko hauteskundeak “egitura hori aldatzeko aukera handia” direla esan du, “baina indar eta arrazoi demokratiko guztiak beharrezkoak izango dira”.

Kataluniako prozesua

Hauteskundeen harira, Masek azaldu du irailaren 27ko hitzorduak baiezkoaren alde dauden diputatuen kopurua eta ezezkoaren alde daudenena zenbatzeko balioko duela, “mundu guztiak jakin badakielako itxura batean hauteskundeak badira ere sakonean plebizituak direla”.

“Argi dago baietzak eta ezetzak beren ñabardurak dituztela, baina egun horretan baietzaren aldeko diputatuak alde batean izango dira eta ezetzaren aldekoak bestean”, erantsi du.

Bestalde, Lan Sustapeneko patronalak gaur publiko egindako txostena ere izan du hizpide. Dokumentu horren arabera, prozesu independentistak “tentsioa eta kezka handia” piztu du Kataluniako enpresaburuen artean.

“Enpresa munduko eta ekonomia alorreko gehiengoa ordezkatzen duten erakundeak” erabakitzeko eskubidearen alde daudela esanez erantzun du Masek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako hauteskundeak