Politika -

Kontsulta legea

EH Bilduk uste du 'Euskal Herrian ere erabakitzeko unea' dela

Urizarren ustez "penagarria" eta "etsigarria" izan da Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren Kontsulta Lege proposamenari eman dion erantzuna.

Urizar eta Ubera EH Bilduren ordezkarik, gaur. Argazkia: EH Bildu
Urizar eta Ubera EH Bilduren ordezkarik, gaur.
Urizar eta Ubera EH Bilduren ordezkarik, gaur. Argazkia: EH Bildu

erredakzioa | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Donostian, irailaren 11n Diadara bidaliko duen ordezkaritzaren berri emateko eta erabakitzeko eskubidearen inguruan mahai gainean dauden iritziak eta ekimenak baloratzeko.

Peio Urizar eta Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileek azpimarratu dutenez, "Katalunian egiten ari diren bezala, Euskal Herrian ere erabakitzeko unea da".

Hala, "erabakitzeko eskubide demokratikoaren gauzatzea helburu partidistak buruan izanda alboratzea edo gauzapena atzeratzea irizpide demokratikoen aurkakoa" dela esan dute.

Helburu horrekin, hain zuzen, aurkeztuko omen du EH Bilduk Kontsulten Legea Gasteizko Legebiltzarrean, "legealdi hau amaitu baino lehen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek nahi duten etorkizun politikoaz hitza eta erabakia emateko helburuarekin".

Koalizio abertzaleko ordezkariek azaldu dutenez, "Katalunian abian daukaten prozesu eratzaileak erakusten du Euskal Herrian ere beste abiadura bat sartu behar diogula gure herriaren prozesu eratzaileari".

Herri eta prozesu bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak dituela erantsi dute, "baina Euskal Herrian ere inoizko baldintzarik onenak ditugu gure prozesu eratzailea modu azkar eta sendoago batean gauzatzeko eta bideratzeko".

EH Bilduk iragarri du ordezkaritza "esanguratsua eta zabala" eramango duela Diadara.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna

Pello Urizar EH Bilduren bozeramaileak "penagarri"tzat eta "etsigarri"tzat jo du Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren Kontsulta Lege proposamenari eman dion erantzuna, "iraganari begi okerrarekin" begiratzen diolako, besteak beste.

EH Bilduren ordezkariak uste du Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak ez duela aintzat hartzen "Euskal Herriak aurrera egiten duela, eta EH Bildu bera dela Euskal Herriaren aurreranzko joeraren adierazgarri nagusienetako bat".

Horren harira, EH Bildu osatzen duten alderdiek bere garaian Juan Jose Ibarretxek proposatutako babestu zutela, eta orain "harago" doazela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika EH Bildu Nafarroa Gaurko azken ordukoa