Politika -

Otxandioko Udala

Biktimak omentzeko 'babesa' eskatu dio Otxandioko Udalak Urkulluri

Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu Otxandion, terrorismoa goratzea egotzita.

Manifestazioa egin dute Otxandion, gaurko lau atxiloketak salatzeko. Argazkia: EiTB
Manifestazioa egin dute Otxandion, gaurko lau atxiloketak salatzeko. Argazkia: EiTB
Otxandioko bizilagunek manifestazioa egin dute atxiloketak salatzeko

0:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimak omentzeko eta horiek aitortzeko ekitaldiak egiteko "babes publikoa" ematea eskatu die Otxandioko Udalak lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariari; hain zuzen ere, terrorismoa goratzea egotzita Guardia Zibilak astearte honetan lau pertsona atxilotu ondoren.

'Lekanda' operazioan atxilotutako lau lagunei Luzia Urigoitia Ajuria ETAko kideari uztailaren 25ean, Otxandion, egindako omenaldia antolatzea, zuzentzea eta koordinatzea leporatzen diete.

Otxandioko Udalak azaldu duenez, udalean ordezkaritza duten EH Bildu eta EAJ bi alderdiek aho batez onartu dute "indarkeria politikoaren biktimek aitortuak eta omenduak izateko eskubidea dutela" aldarrikatzeko adierazpen bat.

Udalaren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaritzak egindako Udal Erretratuen mapak biktima izaera aitortzen dio Luzia Urigoitiari, eta biktima horiei guztiei omenaldiak egitera deitzen ditu udalak. Are gehiago, Iñigo Urkullu lehendakariak alkateekin irailaren 4an egin zuen bileran eskari hori berori egin zuela azpimarratu du.

"Hala eta guztiz ere, gaur jazotako gertaeren ondotik, Otxandioko udal ordezkariak beldur gara biktimak omentzeak izan ditzakeen ondorio penalekin", gaineratu du.

Halaber, gaur egun itxita dagoen Urigoitiaren hilketaren auzia ikertzeko, heriotzaren nondik norakoak argitzeko eta arduradunak identifikatzeko dei egin du Otxandioko Udalak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimak Durangaldea gaur