Politika -

Otxandioko omenaldia

Fernandez: 'Sufrimendu bat gogoratzea ez da militantzia bat omentzea'

Atxiloketak egitea baino gehiago, "kostu sozial eta pertsonal txikiagoa duten beste hainbat neurri egoki" badaudela adierazi du Bake eta Bizikidetza idazkariak.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. EFE
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. EFE
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariaren ustez, ez dira gauza bera "biktima baten sufrimendu bidegabea gogoratzea" eta "[biktima horren] militantzia bortitza omentzea".

Uztailaren 25ean Otxandion Luzia Urigoitia ETAko kideari egin zioten omenaldia dela eta egin ditu adierazpenok Fernandezek.

Izan ere, ETAko kidea polizia operazio batean hil zen, 1987an, eta biktima gisa agertzen da giza eskubideen urraketei buruz Jaurlaritzak egindako ikerketa batean. Hala ere, aipatutako omenaldian parte hartu zuten lau pertsona atxilotu egin zituzten atzo, terrorismoa goratzea egotzita.

Horren ildotik, Otxandioko Udalak babesa eskatu dio Gasteizko Gobernuari, biktimei omenaldiak egiteak izan ditzakeen ondorioen "beldur" baita.

Hori horrela, Urigoitiaren kasuak "ikerketa sakonagoa" behar duela gogorarazi du Fernandezek, Europa Press agentziak egindako elkarrizketa batean. "Zuzenbide Estatuak ez du beti Zuzenbide Estatu baten modura jokatu, eta hori ere memoriaren parte da", nabarmendu du.

Atzoko atxiloketei dagokienez, tankera honetako kasuetan neurri hori hartzearekin "ados" ez dagoela adierazi du Fernandezek, "kostu sozial eta pertsonal txikiagoa duten beste hainbat neurri egoki" badaudelako.

Bestalde, Bake eta Bizikidetza idazkariak aurreratu du Jaurlaritzak "babestu" egingo dituela memoriaren aldeko ekitaldi guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Presoak albisteak ETA gaur Albisteak