Politika -

Epaia

Espetxe zigorra ezarri diete Frantzian ETAko bi kideri

Sei urteko eta bost urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete Urtzi Etxeberriari eta Andoni Larizi.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak sei urteko eta bost urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Urtzi Etxeberria eta Andoni Lariz ETAko kideei, hurrenez hurren, erakunde armatuko talde logistiko-militarrekoak izatea egotzita. 2013an atxilotu zituzten.

Gainera, Etxeberriak 6.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio autoa lapurtu zion emakumezko bati.

Larizi 5 urteko zigorra ezarri diote ETAko kide izateagatik, eta 3 hilabetekoa hainbat astez DNA probak egitea errefusatu zuelako. Identifikatzeko egin nahi zioten azterketa.

Marielle Garrigos fiskalak argudiatu dutenez, biek “aldarrikatu” egin dute ETAko kideak direla (gaurko saioan ere aitortu dute). Ministerio Publikoaren arabera, Garrigos 2011ko martxoan pasatu zen klandestinitatera, baina Frantzian 2009 urtetik egon zen, beste hainbat ETAko kiderekin batera.

Larizi dagokionez, 2010eko abendutik egon zen klandestinitatean, eta 2011tik ETAko hainbat militanterekin batera lehergailuak eta armak erabiltzeko ikastaroak egin zituen, betiere Fiskaltzaren esanetan.

Atxiloketaren unean, biek armak zituzten, eta auto lapurtu batean zihoazen.

Gaurko saioan, Larizek hitza hartu du, bien izenean, eta ETAko kideak direla eta horretaz “harro” daudela nabarmendu du. Era berean, erakunde armatuaren estrategia berriarekin ados daudela berretsi dute. “Borroka armatuaren garaia amaitu egin da”, esan dute.

Horren aurrean, Denis Couhe epaimahaiko presidenteak zera esan dio: “borroka armatua amaitzearen alde bazaudete, zergatik ez dituzue entregatzen armak?”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Frantzia albisteak ETA gaur Gaurko azken ordukoa