Politika -

I-27

'El vot de la teva vida'

'Zure bizitzako botoa'. Hori zioen atzo Junts pel Sik kanpaina amaierako jaian ipini zuen mezu nagusietako batek. Eta bihar horrela izango da askorentzat, izan independentziazale ala ez.

Aintzane Bolinaga ETBko kazetaria Argazkia: EITB
Aintzane Bolinaga ETBko kazetaria Argazkia: EITB
Aintzane Bolinaga ETBko kazetaria Argazkia: EITB

Aintzane Bolinaga | Bartzelona

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Zure bizitzako botoa'. Hori zioen atzo Junts pel Si koalizioaren hauteskunde kanpaina amaierako jaian, eszenatokian, ipini zuten mezu nagusietako batek. Eta bihar horrela izango da askorentzat, izan independentziazale ala ez.

Bost milioi eta erdi hauteslek, Kataluniako populazioaren hiru laurdenek, euren eskutan dute herriaren etorkizuna. Oraingo honetan, bai. Hauteskunde bezperako gogoeta egun honek bada inoiz baino gehiago beharko luke izan, kataluniar askorentzat, etorkizunari zalantzaz beterik begiratzen diotenentzat batez ere, hausnarketarako eguna: independentziaren alde botoa emateak esperantzaz betetzen duen ala aukera horrek eszenatoki ezegonkor bat marrazten dion.

Gizartearen joeren irakurketa soziologikoetan adituek diote, hauteskunde bezpera honetan independentziaren aldeko hautua aldarrikatzen dutenek milioi eta erdi boto bereganatuta dituztela dagoeneko eta unionistei botoa emango dietela erabakita dutenak milioi bat pasatxo direla. Bada beraz bost milioi eta erdi hautesleen artean zalantzan dagoen multzo handi bat, handiena itxura guztien arabera.

Azken orduko mezuak, apokaliptikoak alde batekoenak, askatasuna eta duintasuna goraipatzen zutenak besteenak, euren ahotsa entzunarazi ez duten horiei zuzenduta egon dira. Gaur, bakean utziko dituzte, lasai, eraso dialektikorik gabe, ohera joan aurretik eguneko gertakizunei errepasoa egiten zion nire lagunaren antzera, azkeneko zigarrotxoari zurrupada gozoa emanez, egoeraren argi-ilunak ikus ditzaten.

Erantzukizunaren zamak handia behar du, alajaina! Beraiena bai dela beren bizitzako botoa!

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur