Politika -

Kilometroak 2015

Euskal Hezkuntza Legea lortzeko akordioak bilatuko ditu Jaurlaritzak

Euskadik marko pedagogiko propioa izatea defendatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Kilometroak jaiaren baitan.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Usurbilen. Argazkia: EiTB
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Usurbilen. Argazkia: EiTB
Giro bikaina Usurbilen, Gipuzkoako ikastolen festaren harira

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Euskadirentzat marko pedagogiko "propioa" defendatu du eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak akordioak bilatuko dituela Euskal Hezkuntza Legea aurrera ateratzeko.

Gaur Usurbilen ospatzen ari diren Kilometroak 2015 jaiaren irekiera ekitaldian adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela "inposaketarik gabe" gainerako eragileekin akordioak bilatzen saiatzeko Euskal Hezkuntza Legea sortzeko. Haren hitzetan, "euskal hezkuntza sistemak eta beste eragileek zer esan handia dute ildo horretan". "Guztion lana beharrezkoa da gure hezkuntza sistema hobetzeko, akordioak bultzatzeko, helburu berdinak izanik ikasle guztien garapena bermatzeko", gaineratu du.

Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "marko propioa" izateko bidean, Heziberri 2020 egitasmoa martxan jarri du Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretan, egitasmo hori eta euskal curriculuma oinarri hartuta Euskal Hezkuntza Legea lortzeko aurrerapausoak eman behar direla gaineratu du. "Eusko Jaurlaritza dagoeneko hasia da lan horretan", azpimarratu du.

Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak euskararen aldeko "eguneroko konpromisoa" defendatu du. Haren esanetan, Kilometroak jaiak "euskararen alde gaudenok dugun eguneroko konpromisoa erakusten du". Are gehiago, Kilometroak moduko jaiak "lan horrek egunerokoa" izan behar duela gogora ekartzen laguntzen eta urte guztian lanean jarraitzeko indarra ematen dutela zehaztu du.

Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak Gipuzkoako Ikastolen jaia aurrera eramateko beharrezkoak diren boluntario kopurua eta auzolanaren kultura goraipatu ditu; bereziki gogoan izan ditu guraso, irakasle, ikasle, langile eta Usurbilgo herritarrak.

Azkenik, Xabier Alustiza Udarregi ikastolako lehendakariak euskararen sokari tinko lotuta jarraitzeko asmoa adierazi du: "Euskaldunon konpromisoa beharrezkoa du eta izango du euskarak iturri zaharretik ur berria etenik gabe isuri ahal izateko". Halaber, Alustizak, urtez urte, Kilometroak jaiarekin batera, herri eta ikastola bakoitzak bere izaeraren zati bat eransten diola gogoratu du, eta Usurbilen, jasangarritasunean, inklusibitatean eta parekidetasunean eman diren urratsak aipatu.

Juan Mari Torrealdai omendu du Kilometroak jaiak

Kilometroak 2015 jaiaren antolatzaileek Joan Mari Torrealdai herrikidea omendu dute. Hunkituta hartu du hitza Torrealdaik eta bere ordez omenduak hainbat pertsona izan zitezkeela esan du. Dena den, eskerrak eman dizkie Udarregi Ikastolari eta Kilometroak 2015eko antolatzaileei berarekin gogoratzeagatik. Mikel Laboaren "Txoria txori" abestia kantatuz amaitu da omenaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kilometroak Politika albisteak Hezkuntza legea berriak Prentsa digitalaren azken orduko Usurbil argazkiak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024