Politika -

Askatasun lantaldea

Euskadiko PPk dio Quirogaren ekimenak Madrilen oniritzia zuela

Arantza Quiroga, bere aldetik, gaur ez da Eusko Legebiltzarraren bilkurara joan, "ondoezik" zegoelako, PPko iturrien arabera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, Genovak babestu egin zuen Eusko Legebiltzarrean askatasun eta bizikidetzarako lantaldea osatzeko mozioa, eta nabarmendu du EH Bilduk modu bidegabean interpretatu duela eta horren eraginez erabaki dutela proposamena baztertzea.

Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, Llanosek errepikatu egin du Arantza Quirogaren proposamena baztertzeko erabakia horren gainean "EH Bilduk egin duen interpretazio bidegabeak" eragin duela.

Horrez gain, Llanosek esan du Euskadiko popularrek ez dutela euren arrazoibidea aldatu, biolentziari zilegitasuna 'argi eta garbi' kentzea eskatzen baitute, eta ukatu egin du Madrildik jasotako presioak eraginda baztertu izana proposamena (Legebiltzarrean aurkeztu eta hurrengo egunean).

Genovak euren ekimena babesten zuela azpimarratu du. "Madrilekin hitz egin dugunean eta proposamen hori irakurri dutenean, oso ondo ulertu dute, eta euren oniritzia eman diote", azaldu du.

Zentzu horretan, aurreko legegintzaldian balio izan zuen lantalderako oinarri gisa erabili zenaren oso antzekoa dela adierazi du, baita legegintzaldi honetan dagoen lantaldeari (Bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea) Euskadiko PPk planteatu zion zuzenketaren oso antzekoa ere. Honako hau esan dio horri: "Zoritxarrez, lantalde horrek ez du funtzionatzen oinarri etiko hori onartu ez duten alderdi politikoak daudelako".

Quiroga ez da Legebiltzarrera joan

Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularreko presidentea ez da gaur Legebiltzarreko bilkurara joan. Hainbat kazetari zeuden haren zain, Legebiltzarrean Askatasun eta bizikidetzarako lantaldea eratzeko proposamena aurkeztu eta hura baztertzea erabaki ondoren. PPk Ganberan duen taldeko iturrien arabera, Quiroga ez da joan "ondoezik" zegoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PP Nerea Llanos Gómez Arantza Quiroga albisteak EH Bildu Araba Euskadiko PP berriak Gaurko azken ordukoa