Politika -

Autogobernua

Gernikako Estatutua bete ez dela salatu du Eusko Legebiltzarrak

Horrez gain, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatu du Ganberak, EAJren eta EH Bilduren botoei esker aurrera atera den zuzenketa batean.

Erabakitzeko eskubidearen alde egin du Legebiltzarrak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako Estatutua bete ez dela salatu du gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin aurrera atera den zuzenketa batean. Horrez gain, Euskal Herria "bere etorkizuna erabakitzeko eskubide eta ahalmena duen subjektu politikoa" dela defendatu du Ganberak.

Osoko Bilkura izan da gaur Legebiltzarrean. Autogobernuaren inguruko PSEk proposatutako ekimen bat eztabaidagai izan dute legebiltzarkideek, eta EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bat onartu dute azkenean. Sozialistek Etxebizitzaren euskal Legearen eta 'fracking'a debekatzeko ekimenaren aldeko adierazpena onartzea nahi zuten, baina EAJk eta EH Bilduk bestelako agiria aurkeztu dute.

Adostutako testuan salatu dutenez, Estatutua "eratzeko garaian izandako adostasuna desagertu" da eta eskuduntza guztiak EAEren esku utzi ez izanak "euskal herritarrei kalte egin die maila sozialean eta ekonomikoan".

Horrez gain, Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen eta "2005ean Gorteek, eztabaidatu ere egin barik, errefusatu zuten" Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena ('Ibarretxe Plana' delakoa) aldarrikatu du Legebiltzarrak.

Erabakitzeko eskubideari ere erreferentzia egin dio Ganberak babestutako testuak: "Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubide eta ahalmena duen subjektu politikoa da. Galdetua izateko  eta modu demokratikoan adierazitako borondatea errespetua izateko eskubidea du herri honek".

Elkarri 'mokoka'

Gaiak eztabaida sutsua eragin du Legebiltzarrean. Jose Antonio Pastor PSEren bozeramaileak gogor kritikatu du EAJk eta EH Bilduk adostutako testua, ez baitu ekimen sozialistak proposatzen zuena aipatu ere egin. Pastorren hitzetan, "jeltzaleak tranpak egiten ari dira eta ez diote gobernu gisa dituzten erantzukizunei erantzun nahi izan". Kupoa hizpide, "berea balitz moduan" erabiltzea eta Kontzertu Ekonomikoaren "erabilera makurra" egitea egotzi dio Pastorrek EAJri.

Joseba Egibar EAJren eledunak, berriz, EH Bildurekin batera adostutako agiria defendatu du eta Madrileko alderdi nagusiek Kontzertuaren inguruko "eztabaida" piztu dutela kritikatu du. "Ministro eta ministro ohiak paseatzera atera dituzte Kupoa kritikatzeko", esan du, baina helburua "distraitzea" da. "Kontzertu Ekonomikoa zalantzan jarrita distraitu nahi gaituzte Legebiltzar honen aldarrikapen historikoak bazter utz ditzagun", salatu du buruzagi jeltzaleak.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarrak ere PSE izan du jomuga. "Tranpa egitea" egotzi die, Legebiltzarrean autogobernua defendatzen dabiltzan bitartean, "Kupoaren kontrako adierazpenak egiten dabiltzalako".  Urizarren aburuz, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatu beharko luke "ahal bada Eskoziak jarraitutako bidetik, eta ezin bada, Katalunian bezala, inolako konplexurik gabe".

Borja Semper PPko legebiltzarkidea "harrituta" agertu da PSE EAJren "biktimismora" batu delako. Salatu duenez, sozialisten ekimenaren erruz "betiko leloa duen" zuzenketa onartu dute EH Bilduk eta EAJk. Kupoa ere ahotan hartu du Semperrek eta argi utzi nahi izan du bere alderdiak "Kontzertu Ekonomikoa babesten duela, hemen eta edozein lekutan".

Alderdi guztientzat kritikak izan ditu, azkenik, Gorka Maneirok (UPyD). Salatu duenez, PPk eta PSEk "gauza ezberdinak defendatzen dituzte Euskadin eta Espainian" (Kupoaren inguruan ari zen) eta EH Bilduk eta EAJk "Ibarretxe Plana berreskuratu dute".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu