Politika -

Kontzertua eta Hitzarmena

Gobernua EAEko eta Nafarroako foru erregimenaren alde atera da orain

Espainiako Exekutiboak ukatu egin du pribilegio izatea. Ogasun Ministerioak agiria igorri du EAEko eta Nafarroako sistemak kritikatu dituzten erkidegoei erantzuteko.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu zentrala Euskadiko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Itun Ekonomikoaren alde agertu da orain, eta ukatu egin du pribilegio izatea. Hala ere, foru erregimenak hizka-mizka politikoaren eztabaidagai nagusi izan dira berriro. Batzuek sistema berriz aztertzea eskatu dute, eta besteek, ostera, errespetua eskatu dute.

Ogasun Ministerioak agiri bat igorri du EAEko eta Nafarroako sistemak kritikatu dituzten erkidegoei erantzuteko (Asturias, Gaztela eta Leon, Balear Uharteak, Kantabria, Murtzia, Gaztela-Mantxa eta Extremadura), eta pribilegio izatea ukatu du.

Gobernuak ?foru erregimenaren erabateko defentsa? egin du, EAEko Kontzertua eta Nafarroako Itun Ekonomikoa babestu ditu, eta ?historia luzea? dutela azpimarratu du. Gainera, Konstituzioak foru erregimenen espezifikotasuna aitortzen duela nabarmendu du.

Erkidegoentzako finantza eredu berria

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak iragan astean eztabaida abiatu ostean, sozialistak Kupoarekin eta Kontzertu Ekonomikoarekin ?gustura? eta ?eroso? daudela adierazi zuen atzo, baina erkidegoen finantziazio sistema eguneratzea eskatu zuen berriro, eskualdeen arteko elkartasuna bermatzeko.

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ere ekarpena egin du. 2016ko lehen seihilekoan erkidegoentzako finantziazio eredu berri bat aho batez adostu ahal izatea espero duela esan du, Exekutiboaren eta erkidegoen artean ?iskanbilarik sortu gabe?.

PSCk eztabaidarekin bat egin du

Kataluniatik, Kupoa eta Nafarroako Ituna eguneratzeko beharra nabarmendu du Miquel Iceta PSCko buruzagiak. Icetaren ahotan, erregimen komuneko erkidegoen eta foru erkidegoen finantziazio sistemen artean ?alde izugarria? dago.

Gainerako erkidegoekin izan beharreko elkartasuna mahai gainean jarri du Icetak, eta Kupoa berriro negoziatzea eskatu du, elkartasun osagai gehiago barneratzeko eta bi sistemen arteko ?konbergentzia? handiagoa lortzeko.

EAJk berriro erantzun du

EAJren hormaren aurka talka egin du Kataluniako buruzagi sozialistak; izan ere, Icetaren teoria gezurtatzeko, datuak erabili ditu Itxaso Atutxa BBBko presidenteak.

Horrela, EAEko ekonomia Espainiako BPGren % 6,01 baino ez bada ere, Euskadik Estatuko eskumenen kostuaren % 6,24 ordaintzen duela ohartarazi du Atutxak, eta Euskadiko biztanleak Estatukoaren % 4,66 dela gogorarazi du.

Susana Diaz Andaluziako presidentearen kritikei erantzunez, Andaluziarentzat eta gainerako erkidegoentzat Kontzertu Ekonomikoa eskatzeko desafioa bota dio. Diazek, bere aldetik, ?ahotsa goratzen? jarraituko duela esan du, ?justizia egin dadin? eta Gobernuak ?Andaluziarekikoa bete dezan?.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, berriz, ?konplizitate pitin bat? eskatu die Espainiako politikariei eta erkidegoetako buruzagiei. Kritika horien aurrean, Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren inguruan ?pedagogia? egin beharra dagoela nabarmendu du Ortuzarrek. ?Ez da pribilegio bat?, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Kontzertu Ekonomikoa Nafarroa Espainiako Gobernua