Politika -

Presoak

Etxera-gunea ezarriko dute Bilbon, gaixo dauden presoen alde

Urriaren 20tik 23ra bitartean hainbat ekitaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan, Ibon Iparragirre gaixo dagoen presoaren kontrako epaiketaren hasierarekin bat eginez.

Etxera-gunea ezarriko dute datorren astean Bilbon. Argazkia: EiTB
Etxera-gunea ezarriko dute datorren astean Bilbon. Argazkia: EiTB
'Etxera gunea' deitutako espazioa izango da Bilbon datorren astean

0:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixo dauden euskal presoen senide eta lagunek Etxera-gunea izeneko "espazio fisiko iraunkorra" ezarriko dute datorren astean Bilbon, gaixo dauden presoak etxeratzea eskatzeko eta gizartearen inplikazioa lortzeko asmoz.

Etxera-gunea izeneko iniziatiba urriaren 20tik 23ra bitartean egingo da Biilbon, "guztiok daukagun gaixo dauden presoak etxeratzeko giltza" lelopean, Ibon Iparragirre preso gaixoaren aurkako epaiketaren hasierarekin bat eginez.

Jone Artola Etxerat presoen senideen elkarteko bozeramaileak eta Gotzon Iparragirre Ibon Iparragirre preso gaixoaren anaiak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, Txus Martin, Joxemi Etxeandia eta Gorka Fraile gaixo dauden preso bizkaitarren senideekin eta lagunarekin batera. Azaldu dutenez, Etxera-gunea "espazio ireki eta inklusiboa" izango da eta "lau haizeetara zabalduko dira" norbanakoen edota kolektiboen konpromisoak.

"Izaera ezberdineko jendeak bultzatuta", hainbat ekimen egingo dira presoen aldeko konpromisoak batzeko asmoz, Artolaren esanetan. Aipaturiko espazioko elementu zentrala giltza bat izango da, gaixo dauden presoak etxeratzeko asmoz. "Askatasunerako giltzaz beteko dugu Bilboko erdialdea", gaineratu du.

Etxera-gunea zabalik egongo da urriaren 20tik 23ra bitartean goizeko hamabietatik arratsaldeko zortzietara bitartean. Antolatzaileen hitzetan, "etengabeko mobilizazioa" izango da eta bertan egingo diren hitzaldietan, musika emanaldietan, poesia errezitaldietan, tailerretan eta bestelakoetan parte hartzeko deia egin dute.

Halaber, aipaturiko lau egun horietan kontzentrazioak egingo dituzte eguerditik ordubatera bitartean eta arratsaldeko zazpietatik zortzietara bitartean. Azken egunean, gainera, manifestazioa egingo dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Presoak argazkiak Albisteak