Politika -

Hauteskunde orokorrak

Senatura batera joatea aztertuko dute Nafarroako Gobernuko alderdiek

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E prest agertu dira Senatura hautagaitza berean aurkezteko aukera aztertzeko, baina elkarrizketak hasi baino ez direla egin ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuko kideak. Artxiboko irudia
Nafarroako Gobernuko kideak. Artxiboko irudia
Nafarroako Gobernuko kideak. Artxiboko irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroara aldaketa ekarri duten lau alderdiak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E) Senatura hautagaitza bakarra aurkezteko aukera aztertzeko prest agertu dira.

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak zehaztu du “elkarrizketak hasi baino ez” direla egin eta emaitza zein izango den argi ez dagoela, baina oraingoz lau alderdiek “hitz egiteko prestutasuna “erakutsi dutela.

Adolfo Araizek (EH Bildu) ere negoziazioak hasieran daudela adierazi du, baina proposamena gauzatzea Nafarroarentzat “oso garrantzitsua” eta “positiboa” izango litzatekeela azpimarratu du.

“Lau alderdiok Nafarroako lehen indar politikoa garela berresteko balioko luke”, azaldu du. Araizek irekita utzi du hautagaitza bakarra aurkezteko aukera eta Kongresurako adostasun nahikorik lortu ez izana deitoratu du.

“Elkarrizketa hauen asmoa ez da Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko hautagaitza bat egitea; helburua da Nafarroara aldaketa politiko eta soziala ekarri duten lau alderdien elkarlanak jarraipena izatea”, argitu du.

Laura Perez Ahal Duguren bozeramaileak, berriz, proposamena aurkezteko modua kritikatu du. “Bulegoetako negoziazioak ez zaizkigu gustatzen, eta pasilloetakoak are gutxiago; guk gure jarduteko modua daukagu, herri kontseilua deitu nuen pasadan astean gaia aztertzeko, eta ez dugu inork denborak markatzerik nahi”, erantsi du.

Ildo berean, Kongresurako posible izan ez dena, Senaturako proposatzea ulertzen ez duela esan du.

Hala eta guztiz ere, proposamena aztertuko dutela adierazi du. “Senatua lurraldeka ordezkatutako ganbera da eta, beraz, zenbat eta indar gehiago izan, hobeto; hori bai, gauza asko zehaztu behar ditugu aurretik”, ohartarazi du.

Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) nabarmendu du hautagaitza bakarraren inguruko “negoziaziorik ez” dagoela oraingoz. “Geroa Baik elkarrekin aurkezteko interesa agertu zigun eta gu hitz egiteko prest gaude, baldin eta Gobernua osatzen dugun lau alderdiak elkarrekin joateko bada”.

Alabaina, aukera hori gauzatzea oso zaila izango dela aurreikusten du; izan ere, “Podemosek datozen hauteskundeetan Podemos bezala aurkezteari uko egiten ez badio, guk ez dugu ezer negoziatuko”, argitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Geroa Bai Espainiako hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerra alderdia Gaurko azken ordukoa