Politika -

'Barrura begiratzeko leihoak'

Dokumentala eman izana 'iritzi askearen eremuan' kokatu du EiTBk

EiTBko zuzendaritzaren esanetan, "dokumental hori edo beste batzuk emateak ez du esan nahi EiTBk eduki guztiak kritikarik gabe onartzen dituenik".

'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren une bat
'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren une bat
'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren une bat

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBko zuzendaritzak adierazi duenez, "iritzi askearen eremuan" kokatu behar da igandean ETB-2n Barrura begiratzeko leihoak dokumenta eskaini izana, eta gaineratu du "dokumental hori edo beste batzuk emateak" ez duela esan nahi "EiTBk eduki guztiak kritikarik gabe onartzen dituenik".

Dokumental horrek ETAko bost presoren istorioa du hizpide, "ikuspuntu humano batetik”, egileek azaldu dutenez. Hori horrela, PSE-EEk, PPk eta UPyDk kritikatu egin dute lan hori Euskal Telebistan eman izana, ETAren ibilbide kriminala “zuritzen” duela eta presoak biktimatzat jotzen dituela argudiatuta.

Horren ildotik, EiTBko zuzendaritzak gogorarazi du ETBk ez zuela parte hartu dokumentalean, baina aitortu du lan horrek "presoen alde gizatiarra edo pertsonala oinarri badu ere", gogoratu egin behar dela "indarkeriagatik zigortuak izan zirela guztiak".

"Komunikabideek, erakundeek eta gizarteak itzulingururik gabe arbuiatu dugu indarkeria", nabarmendu du.

Euskal irrati telebistako zuzendaritzaren esanetan, "EiTBk, bere lerro editorialean, konpromiso bat du gizartea indarkeriaren zilegitasunaren aurka sentsibilizatzearekin", eta "tolerantziaren, askatasunaren eta aniztasunaren herritar-balioak zabaltzea da bere betebeharra".

Halaber, berretsi egin du bat datorrela "Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren filosofia eta edukiarekin". "Giza eskubideekin, biktimen aitorpen eta arretarekin, eta elkarbizitza baketsuarekin duen konpromisoa aldarrikatzen du", erantsi du.

Ildo beretik, EiTBk “euskal erakundeekin bat eginda, indarkeriaren zilegitasunaren aurka gizartea ohartarazteko ahaleginean modu aktiboan hartzen du parte, eta tolerantziaren, askatasunaren eta aniztasunaren herritar-balioak zabaltzen ditu".

"EiTBren 2013-2016ko Plan Estrategikoan, argi eta garbi dio honako hau: euskal gizarteak, indarkeria bolada historiko luze batez jasan ondoren, eta batez ere ETAk eragindako eskubideen urraketaren ondoren, garai berri bat bizi du. Garai berri honek bakea eraikitzeko balio behar du; elkarbizitza zuzendu eta normalizatzeko; memoria eta biktimen duintasuna zaintzeko; egindako mina onartzeko, eta gaur egungo eta etorkizuneko harremanak Giza Eskubideen eta Demokraziaren begirune handiagoan oinarritzeko", bukatu du.

Euskal alderdien iritzia

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak "indar unionisten" kontra egin du, ETBk dokumentala eman izana kritikatzeagatik, eta lan horretan ETAko presoak "diren moduan" azaltzen direla esan du, hots, "pertsona arruntak".

Parlamentari abertzaleak agiri batean adierazi duenez, ETBk jasotako kritikek "agerian uzten dute alderdi batzuek errealitatearen parte bat estali nahi dutela". "Indar unionistek begirada partziala dute", deitoratu du EH Bilduk, eta EiTBk "errealitate guztiak" erakutsi behar dituela defendatu du, "nahiz eta gordinak edo deserosoak izan".

Bestalde, PSE-EEk hainbat galdera parlamentario erroldatu ditu, Iñigo Urkullu lehendakariari zuzenduta. Horietan, EiTBk "terrorismoari zilegitasuna kentzeko konpromiso instituzionalari erantzuna eman ote dion" galdetu dio agintariari.

Sozialisten hitzetan, "onartezina" da hainbat herritar "hiltzeagatik, krimenetan kolaboratzeagatik edo mehatxu egiteagatik" kondenatuta dauden pertsonak "preso politikotzat jotzea", eta ETBk ez aipatzea zer atentatu egin zituzten.

Laura Garrido EAEko PPko bozeramailea bide beretik ibili da, eta "ETAren historia kriminala zuritzen saiatzea" egotzi dio ETBri. Horregatik, lehendakariari azalpenak eskatuko dizkiotela aurreratu du, EiTBko zuzendaritza ezeztatzen duen argitzeko.

Garridoren esanetan, "ETAko presoak biktimatzat jotzen dituen eta terrorismoa aipatzen ez duen dokumental bat ematea irain argia da euskal herritarrentzat eta ETAko biktimentzat".

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak salatu duenez, dokumentala ematea "ETBren beste manipulazio bat" izan da, "ETAko kideen zerbitzura jarri baita" eta horien istorioa "ikuspuntu humano batetik" kontatu dutelako.

Horregatik, Maite Iturbe EiTBko zuzendariak Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematea eskatu du.

ETAko biktimak

Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak dimisioa ematea eskatu dio Maite Iturberi, "ETAko kideak biktimatzat jotzeagatik".

Horren haritik, elkarteak salatu egin du EiTB "hilketa selektiboak justifikatzen dituztenak pertsona arrunta gisa direla esateko erabili izana".

 

______________________

Hemen ikus dezakezu Barrura begiratzeko leihoak dokumentala. Kanpo ekoizpen bat denez, igandea arte izango da ikusgai EiTB nahieran plataforman; harrezkero EiTBk ez du eskubiderik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak albisteak ETA albisteak Zinema Gaurko titularrak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa