Politika -

San Telmo Museoa

Autokritikak biktimak, preso ohiak eta politikariak bilduko ditu

Fernandez Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ekitaldiari hasiera emango dio. Ondoren Daniel Innerarity eta Txetxu Ausin filosofoek hitza hartuko dute.

Buesaren senideak eta EAEko agintariak. Artxiboko irudia: EFE
Buesaren senideak eta EAEko agintariak. Artxiboko irudia: EFE
Buesaren senideak eta EAEko agintariak. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Autokritikaren balioak' izeneko jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar Donostian. Besteak beste, ETAren biktimek eta Carmen Gisasola preso damutuak testigantza utziko dute foro bakarrean. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak eta ordezkari politikoek parte hartuko dute.

Bestalde, Autokritikaren balioa dokumentala atzo aurkeztu zuten Bilbon. Karmelo Vivanco zuzendariak Carmen Gisasolaren testigantza jaso du lanean. Birgizarteratzeko Langraiz bidea aukeratu zuen Gisasolak, eta 2014an aske utzi zuten 24 urte espetxean eman ondoren.

Denbora pixkanaka-pixkanaka aurrera doa, eta euskal presoak espetxeetatik ateratzen ari dira. Duela urte batzuk 700 baino gehiago zeuden kartzelan, eta orain 430 bat dira.

Donostiako jardunaldiak Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Bakegintzarako eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak antolatu dituzte.

Lehen jardunaldia

Jonan Fernandez Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ekitaldiari hasiera emango dio. Ondoren Daniel Innerarity eta Txetxu Ausin filosofoek hitza hartuko dute. Gero Felipe Nieto historialariaren, Ramon Saizarbitoria idazlearen eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituaren txanda izango da.

Arratsaldean, Jose Luis de la Cuesta Euskadiko Kriminologia Institutuko zuzendariak eta Jon Mirena Landa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zigor Zuzenbideko katedradunak parte hartuko dute.

Mahai-inguru batek aurreneko jardunaldiari amaiera emango dio. Pat Colgan SEUPBko (Ipar Irlandan bakegintza eta bizikidetza bultzatzeko Europako Batzordearen erakundea) presidente ohiak eta Josu Zabaleta misiolariak ekarpena egingo dute, baita Carmen Gisasola ETAko preso ohiak ere.

Bigarren jardunaldia

Larunbat goizean lanari eutsiko diote berriro. Gemma Varona EHUko irakasleak hitzaldia emango du, eta ondoren, Andoitz Kortak, Joxe Mari Korta ETAk hildako Gipuzkoako enpresaburuaren semeak; Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Lasaren arrebak, eta Mari Carmen Hernandezek, Jesus Mari Pedrosa ETAk hildako PPko zinegotziaren alargunak, beste mahai-inguru batean parte hartuko dute.

Era berean, Juan Mari Atutxa (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak, Jose Ramon Recalde (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, Iñigo Manrique EAEko PPren buruzagiak, Patxi Zabaleta Aralarreko buruzagi ohiak eta Josetxo Arrieta Ahal Duguko ordezkariak parte hartuko dute. Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak itxiko du.

Buesa: “Prozesu ausartari hasiera eman diote”

Ostegunean dagoeneko ekarpen batzuk egin zituzten. Sara Buesak, ETAk hildako Fernando Buesa lehendakariorde ohiaren alabak, “indarkeriaren eta bidegabekeriaren autokritika egiten dutenak birgizarteratzen” laguntzea eskatu zuen.

Buesaren hitzetan, biktimarioak autokritika egiten ari dira, eta egindako kaltea onartu dute. Honenbestez, prozesu “ausart” bati hasiera eman diote, lehendakariorde ohiaren alabak goraipatu duenez. Zentzu horretan, “damutu eta aldatzeko borondatea azaltzen” dutenekin “eskuzabalak” izan behar direla uste du Buesak.

Buesaren ahotan, biktimak eta biktimarioak gizarteratu behar dira, “normaltasunerantz aurrerapausoak emateko”, baina lehenago “tragedia metabolizatu” behar dute. “Aurreiritziak hautsi eta sentsibilitate soziala areagotu” behar dutela azpimarratu du.

Uriarte: "ETAren autokritika beharrezkoa da, baina baita ezker abertzalearena ere”

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak ere gogoeta egin zuen atzo, Radio Euskadi ‘Boulevard’ irratsaioan. Uriarteren esanetan, “beste ezer baino lehen, ETAren autokritika beharrezkoa da, baina baita ezker abertzalearena ere, urteetan zehar” erakunde armatuari babesa eman diolako.

Gainera, barkamena eskatzeko eta damutzeko “betebehar morala” dutela uste du gotzainak, baina publikoki egitera “behartzeko” legerik ez dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostiako informazioa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL albisteak