Politika -

Lege-proiektua

EH Bildu: Kontsulta Legea ebakitzeko eskubidearen legezko aterkia da

"Ezetzaren eta inposizioaren fronteari" erantzuna emateko aurkeztu du koalizio abertzaleak lege-proiektua. EAJri erabakitzeko eskubidearen aldeko "gehiengo zabala" babesteko deia egin dio.

Arraiz, EH Bilduren beste kide batzuekin, lege-proiektua aurkeztu berritan. EFE
EH Bilduren Kontsulta Legea: EFE
EH Bilduk registratu du Legebiltzarrean kontsulta legea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidentearen hitzetan, koalizio abertzaleak gaur Legebiltzarrean aurkeztutako Herritarrak Ahalduntzeko Lege-proiektua edo Kontsulta Legea "erabakitzeko eskubidearen legezko aterkia da".

Hasier Arraizekin batera, Pello Urizarrek, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek erregistratu dute ekimena Eusko Legebiltzarrean.

Lege-proiektua erregistratu ondorengo prentsaurrekoan Arraizek adierazi duenez, EAEko herritarrek euren etorkizun "politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko" egin asmo dituzten kontsultei "legezko babesa" emateko jaio da ekimena.

Arraizen hitzetan, Katalunia eta Euskal Herriaren "errealitate nazionalen" aurrean Estatuak haragitzen duen "ezetzaren eta inposizioaren fronteari" emandako "erantzuna" da Kontsulta Legea. "Hau da gure tresna, hau da gure eskaintza politikoa: demokrazia, jendeari galdetzea, jendeari entzutea eta jendearen hitza eta erabakia onartzea", erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak.

EAJri zuzenduta

EH Bilduko bozeramailearen aburuz, lege-proiektuak "erabakitzeko eskubidearen alde Eusko Legebiltzarrean dagoen gehiengo zabalaren -EAJk eta EH Bilduk 47 ordezkari dituzte- babesa izateko baldintzak" ditu. Euren proposamenera biltzeko EAJri zuzendu zaio, beraz, Arraiz.

"Helburuan bat bagatoz, helburu hori lortzeko tresnetan ere ados jarri ahalko gara", nabarmendu du eta Legea legegintzaldia amaitu baino lehen, 2016ko udazkenean, onartu ahalko dela uste du. Egitasmoa Legebiltzarrean eztabaidatzeko datari dagokionez, berriz, otsailaren 4a aipatu du Arraizek, urtarrila osoko bilkurak egiteko baliogabea delako. "Legea errealitate egiteko epea badago. Borondate politikoa baino ez da behar", agertu du EH Bilduko bozeramaileak.

'Konfrontazio demokratikoa' Estatuarekin

Euskadi Irratiak aurreratu duen bezala, egitasmoak 59 artikulu, hiruna xedapen gehigarri eta iragankor ditu. Estatuaren "inposizio" eta "ukazioen" aurrean, euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea izatea ahalbideratzea du asmo lege-proiektuak.

"Ez dugu lege proposamen hau hona ekarri hemengo inorekin konfrontatzeko. Madrilen gure herria ukatzen dutenekin, gure nazio eskubideak ukatzen dituztenekin konfrontatu ahal izatea da gure helburua. Konfrontazio demokratikoaren aroan gaudelako Katalunian, Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan, haustura demokratikorako garaia da eta gure tresna da demokrazian sakontzea", azpimarratu du Arraizek.

EH Bilduko bozeramailearen aburuz, euskal herritarrek badute euren etorkizuna erabakitzeko "zilegitasun demokratikoa" eta, hain justu, zilegitasun horri eutsiko diote koalizioko kideek "Madrildik etor daitekeen ukazioari aurre egiteko". Adierazi duenez, "Madrilek gure herriari dagozkion eskubide demokratikoak ukatuko balitu, EH Bilduko legebiltzarkideok gure herritarrek emandako aginduari bakarrik eutsiko diogu, eta beraien borondate politikoa bururaino eramaten saiatuko gara. Kosta ala kosta", borobildu du.

EH Bildu Ley de Consulta Kontsulta Legea Arraiz, Ubera, Urizar eta Matute. EFE

Lege-proposamena erregistratu duten unea. Argazkia: EFE

Nafarroa

EH Bilduk aurkeztutako lege-egitasmoak jasota duenez, herri gisa Euskadik duen erabakitzeko eskubidea aitortzeko eskatuko zaio Espainiako Estatuari, hori "demokraziaren ezinbesteko betekizuna" dela argudiatuta.

Legea EAEko hiru lurraldeetan aplikatzekoa dela aipatzen bada ere, xedapen gehigarri bat erantsi dute testuan Nafarroarekin batera jokatu ahal izateko. "Erabakitzeko eskubidea, herri baten eskubide historikoak gaurkotzea den heinean, eskubide hori lortu eta gauzatzeko orduan Nafarroarekin batera jokatu ahalko da, betiere EAEko eta Nafarroako herritarrek hala erabakiko balute", irakur daiteke agirian.

"Herritarrak beren etorkizun politiko, ekonomikoa eta sozialaren jabe izatea da kontua", testuaren arabera, eta "euren nahia modu aske eta demokratikoan agertzea izango da muga bakarra".

16 urte, galdeketan parte hartzeko

Lehendakariari, Eusko Jaurlaritzari, ahaldun nagusiei eta alkateei ematen die lege-proiektu horrek herri-galdeketak deitzeko ahalmena, eta herri-ekimenen bidez ere deitu ahalko dira, 5.000 sinadura bilduta.

Bestalde, horrek aurrera eginez gero, 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko eskubidea. Berez, EAEn erroldatuta daudenek bakarrik bozkatu ahalko dute, baina atzerrian bizi eta parte-hartzaileen errolda batean izena emanda daudenek ere gauzatu ahalko dute bozkatzeko eskubidea.

Horrez gain, kontrolerako batzorde bat sortzeko proposamena egin du EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE albisteak EH Bildu Bizkaia