Politika -

Ebazpen independentista

Parlamentuko saioa debekatu ala ez aztertuko du gaur Konstituzionalak

Azken orduko ezustekorik ezean, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren asteleheneko osoko bilkura eragotziko ez duela ematen du.

Arrimadas (C's), Iceta (PSC) eta Garcia Albiol (PPC). Artxiboko irudia: EFE
Arrimadas (C's), Iceta (PSC) eta Garcia Albiol (PPC). Artxiboko irudia: EFE
Arrimadas (C's), Iceta (PSC) eta Garcia Albiol (PPC). Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPC, C?s eta PSC alderdiek jarritako babes helegiteak tramitera onartu ala ez erabakitzeko bilduko da gaur Auzitegi Konstituzionala, atzo Junts pel Si eta CUP alderdien ebazpen independentistaren aurkako errekurtsoak aurkeztu ondoren.

Azaroaren 9ko osoko bilkura de facto eragozteko, aurreneko bi alderdiek planteatutako kautelazko neurriak hartu ala ez ere erabakiko du Auzitegiak.

Azken orduko ezustekorik ez badago, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren asteleheneko osoko bilkura ez duela eragotziko ematen du, Radio Euskadik aurreratu duenez. Hala, ia gauza segurua da independentzia adierazpena bozkatzeko saioa egingo dela, eta Mariano Rajoy presidenteak dagoeneko iragarri du Espainiako Gobernuak helegitea jarriko duela ebazpenaren kontra, onartzen badute.

Helegiteak bideratzeko eskumena bere gain hartzea onartu ondoren, bi ebazpenen aurrean jarritako helegiteak aztertu beharko ditu Konstituzionalak: Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ebazpen proposamena tramitera onartzeko eta Ciudadanosek eta PSCk gai hori berriz ere aztertzeko egindako eskaerak atzera botatzeko akordioak; eta, PPCk talde parlamentarioa oraindik osatuta ez badu ere, Bozeramaileen Batzordearen atzoko deialdia eta bilera.

Mamiari buruzko neurririk ez

Gaur helegiteak onartu ala ez erabakiko duela azaldu dute Konstituzionaleko iturriek, baina mamiaren inguruko neurririk ez duela hartuko zehaztu dute.

Galarazpen neurriei buruzko erabakia, ostera, bai hartuko du Auzitegiak. Gai oso konplexua da; izan ere, ez du aurrekaririk, eta horrek zatiketa eragin dezake Auzitegi Konstituzionalean.

Debekua

Eztabaida bertan behera uzteko aukera C?s eta PPC alderdiek soilik jaso dute euren helegiteetan. PSCk, aldiz, ez du halakorik eskatu, Auzitegiak ez duela onartuko uste duelako, Miquel Iceta Kataluniako sozialisten buruzagiak Auzitegiko ateetan azaldu zuenez.

Neurriak berehala hartzea edo ez izango da gaur eztabaidagai nagusia. Proposamen independentistaren bultzatzaileek alegazioak aurkeztu arte zain egon gabe, kautelazko neurriak hartzea eskatu dute PPCk eta C?s-ek.

Babes helegiteak onartu ala ez eztabaidatzeaz gain, errekurtsoak Generalitateari igorri edo ez erabaki beharko du gaur Auzitegi Konstituzionalak.

Ez dago horren aurrekari juridikorik, adituen arabera. Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 'Ibarretxe Plana' onartu ostean, Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteak atzera bota zituen Konstituzionalak 2004ko apirilean, baina horrek ez du zerikusirik gaurko auziarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Gaurko azken orduko albistea