Politika -

Memoriaren kudeaketa

Ezenarro, guztien parte-hartzearekin memoria eraikitzearen alde

Gogora Institutuko zuzendariak adierazi du gizartea osatzen duten sentsibilitate guztien eta biktimen parte hartzea bermatu behar dela.

Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria. Artxiboko irudia: EiTB
Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria. Artxiboko irudia: EiTB
Memoriaren inguruko 'agora' izan nahi du Gogora Institutuak

2:01

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Ezenarro Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Gogora Institutuko zuzendariak adierazi du iraganaren gogoeta kritikoa egiteko borondatearekin jaio dela institutua eta azpimarratu du, memoria eraikitzerako garaian, gizartea osatzen duten sentsibilitate guztien eta biktimen parte hartzea bermatu behar dela.

Memoriaren kudeaketari buruz nazioartean izandako esperientzien inguruko jardunaldia egiten ari dira gaur Bilbon eta bertan parte hartzen ari dira, besteak beste, Rainer Huhle politologoa, Richard Vinyes Bartzelonako Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkaria.

Halaber, jardunaldiak bertatik bertara jarraitzen ari dira Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Roberto Uriarte Ahal Duguren Euskadiko idazkari nagusia.

Ezenarrok bere hitzaldian azpimarratu du "akordio zabal eta anitz" baten ondotik jaio dela Gogora Institutua eta iraganaren gogoeta kritikoa egiteko dagoen borondatea islatzen duela. Hori dela eta, "gure ibilbidea hasteko oinarri sendoa daukagu".

"Badakigu horrek zer zailtasun dakartzan, baina badago iraganaren hausnarketa kritikoa egiteko borondatea. Beraz, etorkizun zaila, baina oparoa daukagu", gaineratu du.

Ildo horretan, Ezenarrok esan du "oinarri etikoa" zaintzea eta proiektua sostengatzen duten akordio anitzei eustea eta, ahal bada, zabaltzea izango duela helburu Gogora Institutuak.

"Memoria demokratiko bat transmititzeko erantzukizuna daukagu eta baita memoria eraikitzerako garaian gizartea osatzen duten sentsibilitate guztien eta biktimen parte-hartzea bermatzekoa ere", azaldu du.

Jonan Fernández: "Ez da posble erabateko adostasuna iragana interpretatzeko"

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusi Jonan Fernandezek ekitaldian zehar egin duen mintzaldian adierazi du oroimena "korapilatsua da", iraganean erruaren eta erantzukizunaren diagnostikoa dago, jasandako mina eta sufrikarioa, eta, horiekin batera, geratutakoaren arrazoien eta genesiaren gaineko irakurketa desberdinak".

Bere aburuz, "onartu egin beharra dago iraganaren kudeaketaren konplexutasuna", eta, nahiz eta "ezinezkoa den hura interpretatzeko erabateko adostasuna izatea", posible da "gutxieneko batzuk ezartzea, bat-etortzearen aukera posible egin dezaketenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak ETA albisteak Eguneko albisteak Albisteak Memoria historikoa albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Gogora Institutuaren proiektuak