Politika -

Kataluniako prozesua

Ebazpen independentista bertan behera geratzeko eskatuko du Rajoyk

Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du asteazkenean sinatuko duela helegitea Auzitegi Konstituzionalak ebazpena geldiaraz dezan.

Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea.
Parlamentaren adierazpena baliogabetzea eskatuko du Rajoyk

1:31

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Kataluniako Parlamentuak onartu berri duen ebazpen independentista eta bere "balizko ondorioak" berehala bertan behera uzteko eskatuko diola Auzitegi Konstituzionalari. Hala, asteazkenean sinatuko omen du helegitea Auzitegi Konstituzionalak ebazpena geldiaraz dezan.

Horixe azpimarratu du Rajoyk Bejarreko (Salamanca) udaletxetik egin duen adierazpen instituzionalean, Kataluniako Parlamentuak independentziara bidean onartu duen ebazpenaren harira.

Rajoyk baieztatu du Pedro Sanchez PSOEren buruzagiarekin hitz egin duela (bihar bilduko dira), eta gainerako alderdiak jakinaren gainean izango dituela azaldu du. "Hemen guztiok goaz elkarrekin, Espainia guztin kontua delako, pentsatzen duguna pentsatzen dugula", adierazi du.

"Katalunia ez da inondik deskonektatuko, ez da inolako zatiketarik izango" eta "inork ez dio uko egin behar izango nortasun espainiarrari eta europarrari", azpimarratu du Rajoyk. Espainiako presidenteak esan du Gobernuak "zuzenbidezko Estatuaren baliabide guztiak" erabiliko dituela demokrazia babesteko.

"Zuzenbide Estatua erabiliko dugu soilik, baina Zuzenbide Estatu guztia, ez legea bakarrik, baina lege guztia, demokrazia bakarrik, baina demokraziaren indar guztia", ohartarazi du Rajoyk, lehenengo pausoa Konstituzionalera joatea eta azkeneko urratsa izatea nahiko lukeela adierazi aurretik.

Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko ote duen galdetuta, espero du erabili beharrik ez izatea, hori izango litzatekeelako "seinale onena".

Parlamentuak ebazpen onartu duen "unetik" erantzun duela azaldu du presidenteak, eta sinatu duela inkonstituzionaltasun helegitea sartzeko Estatu Kontseiluari txostena eskatzeko baimena.

Espainiako Gobernuak 24 orduko epea eman du txosten hori eskuartean izateko, eta bihar, asteartea, idazkarien eta idazkariordeen bilera egingo dute helegiterako proposamena Ministroen Kontseiluan eztabaidatzeko.

Ministroen Kontseiluaren premiazko bileraren ostean, asteazken goizean sinatuko du Rajoyk helegitea, Konstituzionalak bertan behera utz dezan ekimena.

Era berean, erabaki hori Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari jakinaraztea eskatuko du, "kontuan izan dezan ekimenak ez duela inolako baliorik eta ezin duela eraginik izan".

Alderdi politikoekin izandako bilerak izan ditu hizpide ondoren, eta guztien babesa eskertu du, "Espainiako demokraziari eta Espainiaren batasunari babesa" eman diotelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Rajoy berriak Albisteak