Politika -

Inbestidura saioa

Mas: 'Inbestidura barik, prozesua ez aurrera ez atzera geratuko da'

"Prozesu independentistan ez dago inor soberan", ohartarazi dio jarduneko presidenteak CUPi.

Artur Mas, inbestidura saioan. EFE
Artur Mas, inbestidura saioan. EFE
Mas: 'Mundu guztia beharrezkoa da prozesu independentista gauzatzeko'

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko presidenteak nabarmendu du "mundu guztia" beharrezkoa dela prozesu independentista gauzatzeko. Horrenbestez, ez dagoela inor "soberan" ohartarazi dio CUPi.

Horren ildotik, bere inbestidura babestu ezean, prozesua "ez aurrera ez atzera" geratuko dela nabarmendu du.

Masek Parlamentuan egin ditu adierazpenok, inbestidura saioko lehen egunean. Hain zuzen ere, CUP da berriz presidente izateko oztopo nagusia, alderdi ezkertiarrak errefusatu egin baitu horren alde egitea.

Jarduneko presidentearen hitzetan, hasi berria den legegintzaldian "Estatu bat sortzeko gehiengoa dago; ez autonomia bat kudatzeko".

"Gauzak aldatu egin dira; dagoeneko ezin da gelditu herri baten gehiengoaren borondatea; ez dago milaka pertsonaren borondatea geldiaraziko duen mehatxurik", nabarmendu du.

Masek kritikatu egin du Espainiako Gobernuak trabak jartzea "asko mobilizatu den eta eredu den herri baten adierazpenari".

Hori horrela, Espainiako herritarrei zuzendu zaie, gaztelaniaz: "Nork bizi nahi du hautestontziak jartzen dituztenei jazarpena egiten dieten Estatu batean?".

Bestalde, jarduneko presidenteak txalotu egin du gaur goizean Parlamentuak adierazpen independentista onartu izana, eta gogorarazi du horretan ez dutela jaso "alde bakarreko independentzia" aldarrikatzeko aukera.

Era berean, plebiszitu hauteskundeetan botoen % 50era iritsi ez zirenez, prozesua "errealitate soziala" kontuan hartuta gidatu behar dutela aitortu du, baina gaineratu du horrek ez duela esan nahi independentziari uko egingo diotenik.

Gainera, Estatuarekin "hitz egiteko eta negoziatzeko" prest agertu da, baina orain arte Mariano Rajoyren Gobernuak ezetza eman duela deitoratu du.

Masek hitzaldia bukatu eta gero, inbestidura saioa eten egin da. Bihar goizean ekingo diote berriro, eta talde parlamentarioen txanda izango da orduan.

CUP: "Prozesua ez da geldiaraziko nahiz eta Mas ez egon"

Bestalde, Albert Botran CUPeko diputatuak aurreratu du bere alderdiaren asmoa (Masen alde ez bozkatzea) ez dela aldatuko jarduneko presidentearen hitzaldia entzun eta gero.

Parlamentuan eskainitako prentsaurrekoan, prozesuak aurrera egin dezakeela azpimarratu du Botranek. "Agintean bat edo bestea egon liteke, baina garrantzitsuena da atzean eta alboetan notzuk dauden".

CUPko diputatuak autokritikarik egin ez izana leporatu dio Masi, batik bat Kataluniako Gobernuak egindako murrizketa sozialen alorrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas albisteak