Politika -

Dokumentua

Junts pel Sirekin akordiora heltzeko oinarriak argitaratu ditu CUPek

CUPek ez du aurreikusten hauteskundeak aurreratzea, ituna lortu nahi du eta horretarako baldintzak murriztu ditu, baina “txeke zuririk” inoiz ez duela sinatuko azpimarratu du.

Antonio Baños CUPen bozeramailea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Antonio Baños CUPen bozeramailea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Antonio Baños CUPen bozeramailea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts pel  Sirekin akordio batera heltzeko eta, ondorioz, Kataluniako presidente berriaren inbestidura ahalbidetzeko “gutxiengo” oinarriak argitaratu ditu CUPek.

I ara què? Fil a l’agulla’ (Eta orain zer? Ekin lanari) goiburua duen dokumentuak 50 orri ditu eta bertan baldintza horiek hauteskunde-programarekin alderatzen ditu, aldaketak egin dituztela eta gutxiengoak direla erakusteko. Era berean, argi utzi dute ez dutela inoiz “txeke zuririk” sinatuko.

Dokumentuaren 50.000 ale banatuko dituzte, negoziazio-mahaian jarri dituzten planteamenduak zeintzuk diren ezagutarazteko eta orain arte Junts pel Sirekin adostasun batera zergatik heldu ez diren ulertarazteko.

Dokumentua hiru esparrutan banatuta dago: haustura demokratikoa, independentzia lortzeko bide-orriaren bidez; arazo sozialei aurre egiteko larrialdiko eta premiazko plana; eta herritarra eta ez-elitista izango den prozesu konstituziogilea.

Prozesu independentista abian jartzeko adierazpena Kataluniako Errepublika sortzeko “lehen pausotzat” jotzen dute.

Premiazko plan sozialean 39 neurri biltzen dituzte, “herritarren bizi-baldintzak hobetzeko asmoz”, tartean, jantokietarako 240.000 beka ematea; langabeek garraio publikoa doan erabili ahal izatea; ospitaleak, ikastetxeak, ondasun publikoak edo ur-zerbitzua pribatizatzeko prozesuak gelditzea.

Prozesu konstituziogileari dagokionez, Kataluniako Konstituzioa idazterakoan herritarren ekarpena aintzat hartzea eskatzen dute, eta ustelkeriarekin amaitzeko “borondate politikoa” exijitzen dute.

Hauteskundeak aurreratzeko aukera, baztertuta

Dokumentuan ez diote Artur Masi aipu zuzenik egiten, baina Kataluniako Gobernuak prozesu soberanista nola kudeatu duten kritikatzen dute, “interes alderdikoiak Kataluniaren interesen gainetik jarri dituelako sarritan”.

“Ekonomia neoliberalaren aroa eta kultura politika elitista jakin bat gainditu eta historiaren zakarrontzira bota behar ditugu”, dio CUPek.

Amaitzeko, Junts pel Sirekin akordio batera heltzeko lanean ari direla dio testuak, independentzia 18 hilabetetan aldarrikatu ahal izatea delako helburu nagusia. Hortaz, hauteskundeak aurreratu behar izatea “hipotesitzat” ere ez dutela azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas albisteak