Politika -

BILERA OFIZIALA

Bilbo-Santander tren-zerbitzua eskatuko dute Urkulluk eta Revillak

Goizean Santanderren egin duten bileran adostu dute bi agintariok Espainiako Gobernuari Bilbo eta Santander lotuko dituen tren-zerbitzua eskatzea.

Iñigo Urkullu eta Miguel Angel Revilla, gaur, Santanderren. EFE.
Azpiegiturak izan dituzte hizpide nagusi Revillak eta Urkulluk

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin bildu da gaur, Santanderren. EAEk eta Kantabriak partekatzen dituzten gaiak aztertu dituzte bi agintariok. 10:00etan iritsi da Urkullu Santanderrera, eta presidentearen egoitzaren atarian hartu du Revillak. Bileraren ondoren, lehendakariak Comillasko Unibertsitatea bisitatu du.

Besteak beste, Espainiako Gobernuari Bilbo eta Santander lotuko dituen tren-zerbitzua eskatzea adostu dute. Etorkizunean, zerbitzu hori Ferroleraino luzatzea da asmoa. Kantaurialdeko trenbidea Europararekin zuzenean lotzea ere aurreikusten da.

Bilera amaitutakoan, agerraldia egin dute Urkulluk eta Revillak hedabideen aurrean, elkarrekin hitz egindakoaren berri emateko.

Tren-zerbitzuari dagokionez, Kantabriako presidenteak esan du bi erkidegoen "behar bat" dela, eta, beraz, bakoitzak bere aldetik helaraziko diola eskaria Espainiako Gobernuari. "Eskaria bikoitza bada, kontuan hartzeko aukera gehiago egongo da", esan du Revillak. EAE eta Kantabria lotzen dituen A-8 autobidean hirugarren erreia zabaltzearen beharraz ere hitz egin dute.

Parisko atentatuak

Parisko atentatuak gaitzetsiz eta biktimen senideei elkartasuna adieraziz ekin diote hedabideen aurreko agerraldiari bi agintariok.

Espainiak jihadismoaren aurkako borrokan izan beharko lukeen tokiaz galdetuta, Revillak erantzun du honelako gaiak bonbekin ez direla konpontzen. Horren arabera, bonbardaketen bidez erantzuna ematea ez da egokia.

Lehendakariak ere bide beretik egin ditu adierazpenak, eta kezkatuta agertu da Europako Batasunaren hainbat akordiotan moldaketak proposatzen ari direlako. Atzerri eta defentsa gaietarako politika bateratuak ezartzearen alde agertu du Urkullu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Gaurko azken ordukoa