Politika -

Jihadismoaren aurkako ituna

Jihadismoaren kontrako batasuna irudikatu dute bederatzi alderdik

Izquierda Unidak, Podemosek, CDCk, EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik ez dute horretan parte hartu nahi izan.

Jihadismoaren aurkako batasuna irudikatu dute bederatzi alderdik

0:46

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi alderdik terrorismo jihadistaren kontrako batasuna irudikatu dute, Espainiako Gobernuarekin batera, PPk eta PSOEk otsailean izenpetu zuten ituna sinatuta. Izquierda Unidak, Podemosek (bileran izan da, baina ez du sinatu), CDCk, EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik ez dute horretan parte hartu nahi izan.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak deituta, bilera egin dute terrorismo jihadistaren kontrako itunaren jarraipena egiteko. Ciudadanos, UPyD, UDC eta PAR alderdiek bat egin dute PPk, PSOEk, Coalicion Canariak, Foro Asturiasek eta UPNk aurretik sinatua zuten akordioarekin.

Alderdi horien ordezkariek euren planteamenduak azaldu dituzte ituna sinatu duten mahaian, eta Fernandez Diazek batasun politikoaren garrantzia azpimarratu du, oinarrizkoa baita, horren ustez, terrorismoari aurre egiteko.

"Inor ez dago hemen soberan, hemen ez gara ez txikiak ez handiak", adierazi du ministroak zuzenean telebistaz ikusi ahal izan den bileran. Barne ministroak azpimarratu du nazioarteko mehatxu larri horren aurrean "logikoa" dela Espainiako Estatuan, gainerako estatuetan bezalaxe, alderdiek elkartuta jokatzea.

"Mahai honetan geroz eta gehiago elkartu, hobeto", adierazi du, hori demokratentzat, askatasunarentzat eta segurtasunarentzat ona izango dela gaineratu aurretik.

Albert Rivera Ciudadanosen buruzagiak bilera horretan berretsi du bat egiten duela jihadismoaren kontrako itunarekin, baina zigor erreformen artean sartu zuten betiko kartzela zigor berrikusgarriaren kontra dagoela, PSOEren moduan.

Bestalde, Carlos Salvador UPNkoak eskerrak eman dizkie Gobernuari eta oposizioko alderdi nagusiari beste alderdi batzuei akordioan sartzen utzi dietelako; eta gai hau "eztabaida alderdikoitik eta hauteskunde miserietatik ateratzea" eskatu du.

Rafael Mayoral Podemosen ordezkariak berretsi du bileretan egon nahi dutela, nahiz eta ez izenpetu itun antijihadista, eta Estatu Islamikoaren finantziazioa etetera bideratutako neurriak hartzea proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Jihadismoa hoy Albisteak