Politika -

Kontrolerako saioa

Urkulluk PPri: Ez erabili Jihadismoaren aurkako Ituna zuen mesederako

Lehendakariaren arabera, gerra ez da "talde jihadisten ernamuinak saihesteko modua".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "leialtasunez" aritzeko eta Jihadismoaren aurkako Ituna "bere alderdiaren mesederako" ez erabiltzeko deia egin dio PPri. Izan ere, haren aburuz, gerra ez da "talde jihadisten ernamuinak saihesteko modua". Horren ordez, NBEren babesa  eta "defentsa komuna" ardatz izango duen politika europar bat proposatu du Urkulluk. "Erantzun orokor bat Estatu bakoitzak epe laburrera eta hauteskundeei begira egindako ekintzak baino eraginkorragoa da", argudiatu du.

Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren kontrolerako saioan, egin ditu adierazpenok Urkulluk, Nerea Llanos PPko idazkari nagusiak Jihadismoaren aurkako Itunaren harira egin dion galdera bati erantzunez.

Llanosen ustez, Euskadi ezin da terrorismo jihadistaren kontrako "erantzun bateratu honetatik bazter geratu" eta Estatuko gainerako indarrekin batera "eskua emanda" joan beharko litzateke, "interes eta estrategiak gorabehera".

Lehendakariak erantzun duenez, Eusko Jaurlaritza "arlo guztietan" ari da, betiere dituen eskuduntzen arabera, muturreko jihadismoaren kontra: prebentzioa, segurtasuna, gizarte integrazioa, hezkuntza, kooperazioa eta elkartasuna eremuetan jarduten ari da, Urkulluren hitzetan. "Ondo ezagutzen dut itunaren edukia eta, hortaz, badakit zertan ari garen", erantsi du.

Segurtasunaren alorrean, Ertzaintzak koordinazio bileran parte hartu izanagatik pozik agertu da lehendakaria. Dena dela, "koiunturazko bilera" hura "egiturazkoa" bilakatzea espero duela azpimarratu du.

Urkulluk Itunaren 4, 5, 6 eta 7. artikuluak aipatu ditu, Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzekin bat egiten dutelako, baina gainerakoetan, Jaurlaritzak ez du EAJk hartutako erabakiarengatik (ituna ez sinatzearen erabakiarengatik) inolako azalpenik eman behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak Jihadismoa hoy