Politika -

Polizia operazioa

Hiru atxilotu Katalunian,Estatu Islamikorako kideak erreklutatzeagatik

Jatorriz Tangerrekoak izan eta Bartzelonan bizi ziren bi gizonezko eta Granollerseko emakume bat dira atxilotuak.

Hiru lagun atxilotu dituzte Estatu Islamikorako erreklutatzeagatik

2:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu ditu Katalunian -bi gizonezko eta emakumezko bat-, ustez, Estatu Islamikorako (EI) kideak erreklutatzen zituen sare bateko kide izatea egotzita.

Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko instrukzioko 6. epaitegiak eta Fiskaltzak aginduta egin da polizia operazioa.

Atxilotuetako bi gizonezkoak ziren -32 eta 42 urtekoak- eta jatorriz Tangerrekoak izanagatik ere, Bartzelonan bizi ziren. Oharraren arabera, Bartzelonan atxilotu dituzte, antza, sare sozialen eta sareko hainbat plataformaren bitartez Estatu Islamikoaren ideiak zabaldu eta guda lekuetara bidaltzeko kide berriak bilatzen zituzten.

Bestalde, hirugarren atxilotua, 24 urteko Granollerseko emakumezkoa, haren bizilekuan atxilotu dute. Barne Ministerioaren esanetan, erradikalizazio prozesua jasaten ari zen, Estatu Islamikoaren estrategia partekatzen zuen eta epe laburrean muturreko talde terroristara batzeko asmoa zuen. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, gaztea Afganistanera abiatzeko prest zegoen.

Halaber, Fernandez Diazek azpimarratu du Guardia Zibila beste lau pertsona itauntzen ari dela jihadismoaren kontra abiatutako polizia operazioaren baitan.

Desegindako sarearen egitura argitu nahian dabil orain Polizia. Antza denez, sarearen asmoetako bat emakumeak erakartzea zen eta, behin hori lortuta, eginkizun ezberdinak jartzen zizkieten.

Parisko atentatuen ondotik, Estatu Islamikoarekin lotura dutelakoan Espainian egiten diren bigarren atxiloketak dira. Azaroaren 3an, Espainiako Poliziak A. Chiakhi atxilotu zuen Segoviako kartzelan jihadistak erakartzea eta Estatu Islamikoaren izenean Madrilen eta Bartzelonan bonbak jartzearekin mehatxu egitea leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Albisteak