Politika -

Katalunia

CUPek bost aukera proposatu ditu, Artur Mas presidente ez izateko

Artur Mas Kataluniako Gobernuaren nazioarteko ordezkaria izatea proposatu dute, eta prozesu independentista atzerrian zabaltzea izango luke ardura nagusi.

CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPk bost aukera proposatu dizkio Junts pel Sí hauteskundeetarako zerrenda bateratu independentistari, Kataluniako Gobernu berrian Artur Masek maila gorena izan ez dezan.

Junts pel Sí zerrendaren talde parlamentarioak gogor kritikatu du gaur CUPek Masen inbestidura ez babesteko erabakia berretsi izana, eta akordio batera heltzeko borondatea ekintzen bitartez adierazteko eskatu dio.

Hori horrela, ezker antikapitalistak Kataluniako gobernu berria osatzeko bost proposamen zehatz egin ditu: presidentegaia adostea, hiru esparru handitan banatutako aldi baterako gobernu “korala” ezartzea, txandakako presidentetza, presidentearen ondokoa izendatzea, eta Artur Mas prozesu independentista nazioartean zabaltzeaz arduratuko den Kataluniako Gobernuaren ordezkaria izatea.

Lehendabiziko proposamena Kataluniako presidente berria “adostasunez” izendatzea da, “independentismoaren zeharkakotasuna eta aniztasuna indartuz”.

Ildo horretan, CUPek berretsi egin du Raül Romeva Junts Pel Sí-ren zerrendaburua babestuko lukeela; izan ere, “hautagaitza hori osatu genuen alderdien eta independentisten babesa izan zuen, eta beste talde batzuek horren kontra ez bozkatzeko prest egon litezke”, erantsi dute Catalunya Sí que es Pot alderdiari aipu eginez.

Bigarren alternatiba “lidergo politiko korala” ezartzea da, hau da, behin-behineko Gobernua hiru esparru nagusitan banatuko litzateke (larrialdi soziala, prozesu konstituziogilea eta errepublika eraikitzeko proiektua nazioartean azaltzea), eta, beraz, horiek zuzenduko dituzten hiru pertsonak izango lirateke denen artean adostutako gobernu berriaren gidariak.

Era berean, lidergo partekatu hori inbestidura saioan agerian uztea nahi du CUPek. Hortaz, aipatu hiru karguak hartuko lituzketen agintariek agerraldia egitea eta diskurtsoa egiteko iraupen bera izatea proposatu du, “adostasuna hasieratik irudikatzeko”.

Hirugarrenik, txandakako presidentetzaren aukera jarri du mahai gainean. 18 hilabeteko iraupena izango duen legegintzaldian presidente kargua aldatzea proposatu du, “independentziaren aldeko apustuaren zeharkakotasuna sinbolikoki egonkortzeko”.

Laugarren formula presidentearen ondokoa izendatzea litzateke, eta horrek legea aldatzea ekarriko luke, “sistema presidentzialistatik pixka bat urrunduta”.

Azkenik, Artur Mas Kataluniako Gobernuaren nazioarteko ordezkaria izatea proposatu du, eta horren eginkizuna prozesu independentista atzerrian zabaltzea izango litzateke. “Kataluniako Errepublika independentea eraikitzeko lanean ari den presidente autonomiko ohi bezala ikusarazi nahi dugu”.

ERC: 'Artur Mas gabe ez dugu indepentzia lortuko'

Bestalde, Gabriel Rufian ERCko zerrendaburuak CUPi ohartarazi dio Artur Masik gabe independentzia lortzea ezinezkoa dela, eta “arerio politikoak” Alderdi Popularra, Ciudadanos eta PSOE direla gogoratu dio.

Junts Pel Sí zerrendako presidentegai bakarra Artur Mas dela nabarmendu du. “Gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu, baina orain ez da politikari bat edo beste aukeratzeko unea, independentzia lortzeko unea baizik”, adierazi du Rufianek.

“Mas da gure hautagaia, ez dago B planik, akordio bat daukagu eta errespetatu egingo dugu; Masen aldeko apustua benetakoa den edo ez ikusteko modurik onena presidente izendatzea da, eta aukera horren alde egiteko eskatzen diogu CUPi”, erantsi du.

Amaitzeko, Rufianen esanetan, Artur Masek “independentziazaleen zati handi bat” ordezkatzen du eta, beraz, “ezinbestekoa” da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas argazkiak