Politika -

Auzitegi Nazionala

Ostegunean hasiko da Batasunaren, EHAKren eta ANVren aurkako epaiketa

Seguran, 2007an, egin zuten polizia-operazioan oinarritzen da, hein handi batean, ezker abertzaleko kideen kontrako makroepaiketa.

Epaiketaren kontrako protesta. Argazkia: EiTB
Epaiketaren kontrako protesta.
Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean

1:53

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionala ostegunean hasiko da epaitzen 35 pertsona, Batasuna, EHAK eta ANV legez kanporatutako alderdien bitartez ETAko kide izatea egotzita, eta Fiskaltzak 10 urteko espetxe-zigorra eskatuko du haien kontra.

Auzitegi Nazionalaren San Fernando de Henaresko egoitzan egingo den makroepaiketa bitan utzi dute bertan behera aurreko urtarriletik.

Hasiera batean urtarrilaren 12an egin behar zen epaiketa, baina atzeratu egin behar izan zuten, egun horretan bertan, Madrilgo hotel batean, hiru defentsa abokatu (Eukene Jauregi, Haizea ZIluaga eta Amaia Izco) atxilotu zituztelako, beste 13 pertsona ere atxilotu zituzten polizia-operazio baten baitan.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko bigarren sekzioak (Concepcion Espejel, Julio de Diego eta Jose Ricardo de Prada epaileek osatzen dute) azaroaren 16an jarri zuen data berria, baina agenda arazoak medio, abenduaren 3a arte atzeratu zuten berriro.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eta beste hainbeste urteko gaitasungabetzea eskatzen du ETAko kide izatea egotzita 4/08 sumarioan auzipetutako 35 lagunen kontra. Era berean, EHAK eta ANV desegitea eskatzen du, legez kanpo utzi eta Alderdi Politikoen erregistrotik kendu baitzituzten.

Ezker abertzaleko kideen kontrako epaiketa Seguran, 2007an, egin zuten polizia-operazioan oinarritzen da, hein handi batean.

Batasuneko, EHAK-ko eta ANVko buruzagien makroepaiketaren baitan kide historikoak daude, hala nola, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena.

Horiez gain, hauek dira auzipetuak: Kermele Berasategi eta Nekane Erauskin (EHAK) legebiltzarkide ohiak, Ino Galparsoro (ANV) Arrasateko alkate ohia, Juan Carlos Ramos, Jesus Mari Agirre, Eusebio Lasa, Joana Regueiro, Angel Maria Elkano, Asier Imaz, Mikel Garaiondo, Marije Fullaondo, Tomasa Alejandre, Haizpea Abrisketa, Arantza Santesteban, Karmele Aierbe, Jon Kepa Garay, Mikel Etxaburu, Aner Petralanda, Francisco Javier Urrutia, Mikel Gotzon Zubimendi, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Gorka Murillo, Ignacio Oralde, Iñigo Balda, Gorka Diaz Martín, Maite Fernandez Labastida, Aitor Aranzabal, Joseba Zinkunegi, Alazne Arozena, Peio Xabier Gálvez, Anton Gomez Lorente eta Aurore Martin.

Hasier Arraiz Sorturen presidenteari ere eragiten dio auziak, eta inputatuta dago, baina EAEKo Justizia Auzitegi Nagusiak epaituko du, legebiltzarkidea delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Presoak Hasier Arraiz berriak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa