Politika -

Terrorismoagatik inputatuta

Bere inputazioa 'faltsukeria' dela salatu du Goioagak Gorenean

Amaiurreko senataria kautelazko neurririk gabe aske utzi du epaileak. Goioagaren hitzetan, ez diote "ustezko delitu ekonomikoen inguruan galdetu".

Iñaki Goioaga, Auzitegi Gorenean

0:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko kide izatea egotzita, Auzitegi Gorenean deklaratu du goizean Iñaki Goioaga Amaiur koalizioko senatari eta abokatuak. Epaileak kautelazko neurririk jarri gabe aske utzi du Goioaga, 'ETAko Kartzelen Fronteko' kide izatea egotzita haren kontra abiatutako prozesuan. Auzitegitik ateratzean, bere inputazioa "faltsukeria" dela salatu du Goioagak, eta hala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu duela azaldu du.

Ordubetetik gora izan da senatari abertzalea Miguel Colmenero Auzitegi Goreneko epailearen eta Fiskaltzaren galderei erantzuten. Foruduna denez, Gorenean deklaratu behar izan du, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eskatuta. 45 pertsona ditu inputatuta epaile horrek auzi honetan.

Hain zuzen ere, delitu hauek inputatu dizkio Goioagari: ETAko kide izatea, terrorismoa finantzatzea, Ogasunaren aurkako delitua, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta dirua zuritzea.

Goioagaren esanetan, galdeketan argi geratu da inputazioa "faltsukeria" dela. Izan ere, ez diote "galdera bakar bat ere egin" ustezko delitu ekonomikoei buruz.

Horren ildotik, delitu ekonomikoak "faltsuak" direla "frogatzeko" xedez, hainbat agiri aurkeztu ditu senatariak. "Agerian utzi dute dena muntaia izan dela", nabarmendu du.

Amaiurreko kidearen esanetan, galdeketa osoan bere "lan juridiko profesionalari" buruzko galderak egin dizkiote bakarrik.

Horren inguruan, berak ordezkatzen dituen pertsonen "interes juridikoak" defendatzen jarraituko duela aurreratu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena bideoak Amaiur