Politika -

Auzitegi Nazionala

4/08-ko auzipetuek salatu dute makroepaiketa 'jazarpen politikoa' dela

Barrenak salatu du Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa "jazarpen politiko argia" dela.

Akusatuak, Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EiTB
Akusatuak, Auzitegi Nazionalean.
35 inputatuen aurkako auzia hasi da Auzitegi Nazionalean

1:22

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagi historikoak Batasuneko, EHAK-ko eta ANVko ordezkariak izateagatik ETAko kide izatea egotzita epaitzen ari diren 35 lagunen izenean esan du Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa "jazarpen politiko argia" dela.

San Fernando de Henaresko (Madril) epaitegian sartu aurretik kazetariei adierazi dienez, "2005 eta 2007 artean euskal militanteek egin zuten lan politikoa" da gaurkoan epaitzen ari direna.

"Leporatzen dieten delitu larria lan politikoa egitea eta bake eta normalizazio politikoari ateak irekitzea da", azpimarratu du.

Horretaz galdetuta, Barrenak azaldu du akusatuak "harro" joan direla Auzitegi Nazionalera, "urte horietan lan politiko hura egiteagatik".

"Ezker abertzalearen izenean lan politikoa egin zuten pertsona hauek zerikusi handia dute egungo egoerarekin, egun Euskal Herriak bizi duen une politikoarekin, eta, hein batean, bakeari eta normalizazio politikoari ateak irekitzeko ekarpen handia izan zen", gaineratu du.

Burgosko prozesuarekin alderatu du gaurko epaiketa, hura ere abenduaren 3an izan baitzen, 1970ean. ETAko 16 kide epaitu zituzten ordukoan.

"Duela 45 urte, gaurko egunez, beste makroepaiketa politiko bat egin zen, Burgosko prozesua, eta orduan ere lan politikoagatik epaitu zituzten euskal militanteak", gogorarazi du.

Barrenarentzat epaiketa hori "frankismoaren amaieraren hasiera izan zen, eta Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketa hau jarduera politikoagatik militanteak epaitzen diren azken epaiketa izatea espero dugu".

Epaiketa

Auzitegi Nazionalaren San Fernando de Henaresko egoitzan egiten ari dira makroepaiketa, urtarriletik bitan bertan behera utzi ondoren.

Hasiera batean, urtarrilaren 12an egin behar zen epaiketa, baina atzeratu egin behar izan zuten, egun horretan bertan, Madrilgo hotel batean, hiru defentsa abokatu (Eukene Jauregi, Haizea Ziluaga eta Amaia Izco) atxilotu zituztelako, beste 13 pertsona ere atxilotu zituzten polizia-operazio baten baitan.

Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salako bigarren sekzioak (Concepcion Espejel, Julio de Diego eta Jose Ricardo de Prada epaileek osatzen dute) azaroaren 16an jarri zuen data berria, baina, agenda arazoak direla eta, abenduaren 3a arte atzeratu zuten berriro.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eta beste hainbeste urteko gaitasungabetzea eskatzen du ETAko kide izatea egotzita 4/08 sumarioan auzipetutako 35 lagunentzat. Era berean, EHAK eta ANV desegitea eskatzen du, legez kanpo utzi eta alderdi politikoen erregistrotik kendu baitzituzten.

Ezker abertzaleko kideen kontrako epaiketa Seguran, 2007an, egin zuten polizia-operazioan oinarritzen da, hein handi batean.

Batasuneko, EHAK-ko eta ANVko buruzagien makroepaiketaren baitan kide historikoak daude, hala nola, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena.

Horiez gain, hauek dira auzipetuak: Karmele Berasategi eta Nekane Erauskin (EHAK) legebiltzarkide ohiak, Ino Galparsoro (ANV) Arrasateko alkate ohia, Juan Carlos Ramos, Jesus Mari Agirre, Eusebio Lasa, Joana Regueiro, Angel Maria Elkano, Asier Imaz, Mikel Garaiondo, Marije Fullaondo, Tomasa Alejandre, Haizpea Abrisketa, Arantza Santesteban, Karmele Aierbe, Jon Kepa Garay, Mikel Etxaburu, Aner Petralanda, Francisco Javier Urrutia, Mikel Gotzon Zubimendi, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Gorka Murillo, Ignacio Oralde, Iñigo Balda, Gorka Diaz Martín, Maite Fernandez Labastida, Aitor Aranzabal, Joseba Zinkunegi, Alazne Arozena, Peio Xabier Gálvez, Anton Gomez Lorente eta Aurore Martin.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteari ere eragiten dio auziak, eta inputatuta dago, baina EAEKo Justizia Auzitegi Nagusiak epaituko du, legebiltzarkidea delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Presoak Hasier Arraiz berriak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa