Politika -

Gizateriaren aurkako delituak

ETAren bost ustezko buruzagien kontrako auzia banatu du ANk

Auzi bakarrean baino, bost prozeduratan ikertzea erabaki du Carmen Lamena epaileak, eta instrukzioa Auzitegi Nazionaleko epaitegi ezberdinek egingo dute.

Garikoitz Aspiazu 'Txeroki, epaiketa batean. EiTB
Garikoitz Aspiazu 'Txeroki, epaiketa batean. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak hala erabakita, ETAren bost ustezko buruzagien kontra gizateriaren aurkako delituengatik abiatutako auzia banatuta ikertuko dute Auzitegi honetako epaitegi ezberdinek. Hala, bakoitzak erabaki beharko du bere gain dituen atentatuen ikerketari beste auzi hau ere eransten dion ala ez.

ETAren 25 atentatu horiek euren artean "inolako harremanik" ez dutela, eta auzi bakarrean biltzea beharrezkoa ez dela argudiatu du Lamela epaileak. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako galderari erantzun dio, horrenbestez, epaileak.

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio epaitegiko buruak abiatu zuen ETAko bost kide hauen kontrako auzia, Dignidad y Justiciak aurkeztutako kereila baten harira. Lamela Gonzalezen lekua hartu du orain Auzitegiko epaitegi horretan, eta, beraz, berari egokitu zaio auziren inguruko ebazpen berri hau ematea. Lamelaren hitzetan, auzia zatituta "instrukzioa ez da arrazoi gabe gehiegi luzatuko".

Bost dira prozesatutako lagunak: Josu Urrutikoetxea 'Josu Ternera', Garikoitz Aspiazu Rubina 'Txeroki', Mikel Karrera Sarobe 'Ata', Aitzol Iriondo Yarza eta Aitor Elizaran Sarasola. 2004ko urriaren 1etik egindako hilketengatik auzipetu zituen Gonzalez epaileak; izan ere, data horretan tipifikatu zen gizateriaren aurkakoa delitua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala ETA gaur Gaurko azken ordukoa