Politika -

Bartzelonan

Espainiak nazio aniztasuna ez aitortzea salatu dute Urkulluk eta Masek

Bi agintarien esanetan, azken hauteskunde orokorrek agerian utzi dute nazio aniztasuna eta, beraz, amaitu egin beharko litzateke inposizioan eta elkarrizketa gabezian oinarritutako politikagintza.

Artur Mas eta Iñigo Urkullu Catalunya eta Euskal selekzioaren arteko futbol partida ikusten. EFE
Artur Mas eta Iñigo Urkullu Catalunya eta Euskal selekzioaren arteko futbol partida ikusten. EFE
Espainiak nazio aniztasuna ez aitortzea salatu dute Urkulluk eta Masek

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak salatu dutenez, estatu espainiarraren arazoen muina iturburuan dago, hots, nazio aniztasuna ez aitortzean. Horien esanetan, hauteskunde orokorren ondoren amaiera eman behar zaio "inposizioan eta elkarrizketa gabezian oinarritutako" politikagintzari.

Masek eta Urkulluk bilera egin dute Bartzelonan, Kataluniak eta Euskal Selekzioak larunbat honetan Camp Nou zelaian jokatu duten adiskidantzazko futbol partidaren amaieran. Ordubete inguruko iraupena izan duen batzarrean abenduaren 20ko hauteskunde orokorren osteko egoera politiko berria hizpide izan dute, eta bileraren amaieran oharra kaleratu du Generalitateak.

Oharrak dakarrenez, bi agintariek egiaztatu dute "Estatu espainiarraren arazoak ez daudela bakarrik Madrilen Gobernu egonkorra osatzeko beharrezko gehiengoei lotuta, Estatu espainiarraren beraren nazio aniztasunaren aitortza faltari baizik".

Urkulluren eta Masen iritziz, azken hauteskundeek agerian utzi dute "aniztasuna eta, ondorioz, amaiera eman beharko litzaioke inposizioan eta elkarrizketa ezean oinarritutako politikagintzari".

Are gehiago, abenduaren 20ko hauteskunde emaitzek "estatu espainiarraren egitura arazo larriak konpontzeko aukera" eman beharko luketela uste dute.

Madrilen Gobernua osatzeko negoziazioei dagokionez, biek ala biek ohartarazi dute "marra gorri eta beto proposamenak" nagusitzen ari direla "konponbideen" aurrean. Ildo horretan, salatu dute ez dutela akordioetara heltzeko borondaterik ikusten, ez alderdi politiko nagusien artean eta ezta Estatuko beste botereen artean ere.

Bestalde, Kataluniaren eta Euskadiren errealitateak ezberdinak direla nabarmendu ondoren, Generalitateak, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Parlamentuak edota Eusko Legebiltzarrak egindako proposamenen eta eskaeren aurrean erantzun falta dagoela adierazi dute.

"Hauteskundez hauteskunde, agerian gelditzen dira Estatu konplexu baten barne egituraketak arazoak", esan dute. Gainera, "aniztasun hori aitortzeko eskaerei konponbidea eman beharrean, kontrako bidea egiten du (Estatuak), batasunarena eta birzentralizazioarena, alegia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Bartzelona bideoak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas albisteak