Politika -

Ministro Kontseiluaren ostean

Rajoy, batasuna defendatzen dutenen arteko gobernu 'zabal' baten alde

Espainiako gobernuko jarduneko presidentearen esanetan, espainiarrek 'argi' adierazi dute herrialdea nork gidatzea nahi duten.

Rajoy Espainiako gobernuko jarduneko presidentea Ministro Kontseiluaren osteko agerraldian. EFE
Rajoy Espainiako gobernuko jarduneko presidentea Ministro Kontseiluaren osteko agerraldian. EFE
Mariano Rajoy gobernua osatzen saiatuko da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PP buru izango duen "espektro zabaleko" edota babes parlamentario zabaleko gobernu bat osatzearen alde mintzatu da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Zehaztasunik eman ez badu ere, Espainiaren batasuna, burujabetza nazionala eta espainiarren arteko berdintasuna defendatzen duten alderdiek osatuko lukete.

Urteko azken Ministro Kontseiluaren amaieran, jarduneko Gobernuaren lehendabizikoa, Rajoyk prentsaurrekoa eskaini du Moncloa jauregian Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Iglesias (Podemos) eta Albert Rivera (Ciudadanos) buruzagiekin egindako lehen bilera errondaren balorazioa egiteko.

Jarduneko presidenteak ez du zehaztu nortzuk osatuko luketen "babes parlamentario zabaleko" gobernu hori, baina PSOE eta Ciudadanos alderdiei zuzendutako mezua ei zen.

Halaber, Rajoyk ez du adierazi zer nolako gobernua duen buruan eta ez du 'koalizio handia' esapidea ez bere gain hartu eta ezta baztertu ere. "Formula gustukoena babes parlamentario zabalena izango duena da eta hori egingarria da gehiengoak bat egiten duelako hainbat gaitan", gaineratu du.

Balizko akordio zabal hori errazteko, PPren beste presidentegai baten mesedetan Gobernuko presidente izateari muzin egingo liokeen galdetuta, Rajoyk azpimarratu du aukera hori ez dutela mahai gainean jarri.

Gobernua osatzeko aukera horren aurrean, Rajoyk ez du "alternatiba hoberik" ikusten. Haren esanetan, "ez da zentzuzkoa" PSOE Espainiako Diputatuen Kongresuko buruzagitza lortzen saiatzea 350 eserlekuetako 90 bakarrik izanda. Are gehiago, Rajoyk uste du espainiarren "interes orokorretarako oso txarra" litzatekeela PSOEk Podemos, ERC eta Democracia y Libertad alderdien babesarekin gobernua osatzea. "Ez luke egonkortasuna bermatuko eta ez luke konfiantzarik sortuko Espainiatik kanpo eta inbertsoreengan", azpimarratu du.

Hori dela eta, Gobernua osatzen saiatuko dela berretsi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak. Haren esanetan, espainiarrek argi adierazi dute herrialdea nork gidatzea nahi duten.

"Uste dugu espainiarrek argi dutela nork gobernatu behar duen. Mandatu bat dago eta espainiarren borondateari eta aginduari jarraituz, Gobernua osatzen saiatuko naiz", adierazi du Rajoyk.

Rajoyk azpimarratu du PPk irabazi zituela abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak eta 30 eserlekuko eta 1,7 milioi botoko aldea atera ziola bigarrena izan zen PSOEri.

Espainiako ekonomia % 3,2 hazi da 2015ean

Ekonomiari dagokionez, Mariano Rajoyk aurreratu du Espainiako ekonomia % 3,2 hazi dela 2015ean, aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago.

Hazkundea goraipatu du Rajoyk eta esan du hazkundea Europar Batasuneko herrialde nagusietako handiena izan dela. Gainera, 600.000 lanpostu sortu direla azpimarratu du.

Bestalde, Espainiak 2016rako Aurrekontua onartuta izatea defendatu du, zenbait kontra agertu badira ere, haren ustez oso positiboa delako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Rajoy Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Albisteak