Politika -

Urte bukaerako mezua

Oposizioak zehaztasun falta egotzi dio Urkulluren mezuari

EH Bilduk "iraganeko mezua" ikusi du, sozialisten hitzetan, ''hutsa eta anbiziorik gabekoa'' da, eta Euskadiko PPk uste du kudeaketaren balantzea falta duela.

EH Bilduko Dani Maeztuk Urkulluren mezuaz hitz egin du. Argazkia: EiTB.
EH Bilduko Dani Maeztuk Urkulluren mezuaz hitz egin du. Argazkia: EiTB.
Oposizioa kritiko Urkulluren hitzaldiarekin

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluren urte bukaerako mezuaren ostean, urteko lehen egun honetan oposizioak konkrezio falta egotzi dio lehendakariaren hitzaldiari. Hala, EH Bilduk dio "iraganeko mezua" izan dela, Euskadiko sozialisten hitzetan ''hutsa eta anbiziorik gabekoa'' izan da, eta Euskadiko PPk uste du kudeaketaren balantzea falta duela. UPyDk, bestalde, jendearen arazoak ahaztu izana kritikatu du. Ciudadanosek eta Ezker Anitzak ere uste dute Urkulluren mezua "interesik gabekoa" eta "hutsa" izan dela.

EH Bilduren iritziz, "iraganeko mezua" izan da

EH Bildutik, Dani Maeztu legebiltzarkideak esan du mezua "iraganekoa" izan dela, orokortasunez beterikoa; ohi bezala, Maezturen esanetan, Urkullu atsegina izan da bere buruarekin, eta argi utzi du bera eta bere gobernua ez daudela mailan, ezin dutela eman "bizi dugun garai historikoak eskatzen duena, autogobernuari eta subiranotasunari dagokienez, edo politika sozial eta ekonomikoen gainean".

PSE-EEren ustez hitzaldia ''hutsa'' da

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkidearen hitzetan, Urkulluk estatus berrirako eta bakerako eta elkarbizitzarako plana bakarrak proposatu ditu, baina azalpen gehiagorik eman gabe. Halaber, hitzaldia ‘’hutsa eta anbiziorik gabekoa’’ izan dela kritikatu du, eta sozialisten egindako lanari aitorpenik gabekoa. Izan ere, Pastorrek PSE-EEren lana goraipatu du ‘’herri honek aurrea egiteko’’. Hala, datorren urteko mezua Urkulluk ez ematea espero duela gaineratu du.

PPren arabera, balantzea falta da

Euskadiko PPk, bestalde, Urkulluri egotzi dio bere mezuan kontuan hartu ez izana ''Espainia susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren bidean sartu eta Euskadi bultzatzea lortu duela''. Nerea Llanos alderdiko idazkari nagusiak egin du mezuaren balorazioa, ea esan du ''asmoz beteta'' egotea kritikatu du. Llanosek esan du legegintzaldiko lehen urtea izango balitz egokia litzatekeela, baina azken urtean egonda, ''txarra'' dela. ''Kezkagarria da asmoak izatea hitzaldiaren oinarria, eta ez egindako kudeaketaren balorazioa'', esan du.

UPyDk uste du ''errege baten hitzak'' erabili eta jendearen arazoak ahaztu zituela

Gorka Maneiro  UPyDk Legebiltzarrean duen bozeramaleak esan du urte bukaerako mezuan Urkulluk ''errege baten hitzak'' erabili zituela, eta ''jendearen benetako arazoak eta Euskadik behar dituen erreformak'' ahaztu zituela.

Ciudadanos: "EAJren ildo fosilizatuan izan da mezua"

Ciudadanosek Euskadin duen bozeramaile Nicolas de Miguelek nabarmendu du mezua "interesik gabekoa" izan dela, "EAJren ildo fosilizatuan kokatutakoa"; De Miguelen iritziz, jeltzaleen ohiko ildoa da hori.

Ezker Anitzak ikusten du mezua "hutsa" izan dela

Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak aseguratu du Urkulluren mezua "hutsa" izan dela, eta bakarrik hitz egiten duela "zehaztasun gabeko kontuez, asmo onez eta zehaztapen gutxiren gainean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iñigo Urkullu biografia PSE-EE Euskadiko PP Albisteak