Politika -

Memoria

Gatazken zauriak ez direla itxi ondorioztatu du 'Memoriaren Plaza'k

Eusko Jaurlaritzak "memoria desberdinek bat egiten duten" espazioak sortzearen alde egin du, "gizarte hobea" eraikitzeko.

Proiektuaren ondorioen aurkezpena. Argazkia: Efe
Proiektuaren ondorioen aurkezpena.
Azken hamarkadetan gertatutakoaren zauriak zabalik daude

1:24

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren 'Memoriaren Plaza' proiektuaren ondorioetan azpimarratu dute ez direla itxi Gerra Zibilarekin, Frankismoarekin, ETArekin eta "kontraterrorismoarekin" lotutako zauriak, eta ez dagoela "memoria bakarrik". Horregatik, Eusko Jaurlaritzak "memoria desberdinek bat egiten duten" espazioak sortzearen alde egin du, "gizarte hobea" eraikitzeko.

'Memoriaren Plaza' proiektuaren barruan egindako talde eztabaiden ondorioak aurkeztu dituzte gaur Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendariak, Luis Petrikorena Irekiaren zuzendariak eta Juan Luis Arriaga, lantaldeak dinamizatzeaz arduratu den enpresaren ordezkariak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 72 herritarrek parte hartu dute eztabaida talde horietan, eta tailer bana egin dute Gerra Zibila eta Frankismoari, ETAri eta "kontraterrorismoari" buruz (azken horretan eskuin muturraren, Batallon Vasco Españolen, GALen eta poliziaren gehiegikerien kasuak aztertu dituzte).

Eztabaida horietan lau ondorio nagusi atera dituzte, eta ondorioztatu dute memoria ez dela "bakarra", bizitzaren esperientziak baldintzatzen duela, baina "gizartearen gehiengo zabalak" partekatzen dituzten "sentimendu eta diskurtso lotesleak" daudela:

"1-Memoria pertsonala da. Eztabaidetan parte hartu duen pertsona bakoitzak memoria Tailerretako parte hartzaile bakoitzak bere oroitzapen propioak ditu gertatutakoaren inguruan. Bizitzaren esperientziek (toki, adin, garai...) eta gertakarioi lotutako sentimenduek baldintzatutako oroitzapenak dira.

2-Hala eta guztiz ere, badira gizartearen gehiengoak partekatutako diskurtso eta sentimendu (emozio) egituratzaile batzuk. Hegemonikoak dira Gerra Zibilari eta diktadurari dagokienez, eta gehiengo handiak bat egiten du GALi eta ETAri dagokienez.

3-Lau gertaera horiek elkarri lotuta daude, elkarrekin bizi eta txertatzen dira norbanakoen eta gizartearen memorian. Parte-hartzaileek argi eta garbi bereizten dituzte lau gertakariok. Era berean, esparru horiek elkarri erreferentzia egiten diote.

4-Lau gertaera horiei lotutako zauri bat ere ez dago itxita. Ez gertaera urrunenaren zauria, Gerra Zibilarena, ezta gertaera hurbilarena ere, ETArena. Parte-hartzaile ia guztiak bat datoz ideia batekin: oinazeak bere horretan jarraitzen du, konpondu gabe. Aldi berean, etorkizunari begira itxaropena adierazten dute: bestelako etorkizun, etorkizun hobe bategatik itxaropena. Atzera begiratzeko premian oinarrituta eraiki beharreko etorkizun bategatik."

Azterketa horren arabera, aztertutako lau esparruak "elkartu eta batu egiten dira memoria pertsonal eta sozial batean", eta guztietan "zaurietako bat ere ez dago itxita", baina parte-hartzaileek "ilusioa" agertu dute "etorkizunari begira".

Talde lan horiekin batera, 'Memoriaren Plaza' proiektuak herritarren lekukotzak jaso ditu webgunean, eta orain arte 148 jaso ditu grabatuta eta 44 idatzita.

Euskal Memoriaren Institutuko zuzendariak iragarri duenez, herritarren lekukotzak eta biktimenak elkartuta, erakusketa ibiltaria egingo dute aurki, Bilbon hasita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Memoria historikoa albisteak Gogora Institutua gaur