Politika -

Elkarrizketa

Artur Masek onartu du CUPekin akordioa lortzea ia ezinezkoa dela jada

"Hiru hilabetetan lortu ez badugu, akordioa orain lortzea oso zaila dela uste dut”, azpimarratu du elkarrizketa batean.

Artur Mas. Artxiboko irudia
Artur Mas. Artxiboko irudia
Artur Mas: 'Zaila ez, oso zaila da akordioa, baina ez da ezinezkoa'

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du Junts Pel Sik eta CUPek arratsalde honetan egin duten bileran ez dela “korapiloa askatu” eta, beraz, akordio batera heltzea “oso zaila” izango dela aitortu du, “epea agortzear dagoelako”.

TV3n egindako elkarrizketa batean, Masek berretsi egin du ez duela atzera egingo eta bere hautagaitzari eutsiko diola. “Prozesu soberanista aurrera ateratzeko gehitu egin behar da, ez da inor baztertu behar”, erantsi du.

Bi aldeak ostiral honetan berriro elkartuko dira, baina, hala ere, akordioa ia ezinezkotzat jo du. “Hiru hilabetetan ez bagara adostasun batera iritsi, ez dut uste orain egoera desblokeatzeko gai izango garenik”, esan du.

Negoziaziorako azken eguna larunbata izango dela iragarri du, akordiorik izango balitz, inbestidura saioa igandean egin ahal izateko, egun horretan amaituko baita legegintzaldia ofizialki.

“Mugan gaude, ez dugu aukera askorik”, nabarmendu du.

Mila manifestari, akordio eske

Bestalde, mila pertsona inguruk hartu dute parte ANCk arratsalde honetan deitutako elkarretaratzean, Junts Pel Sik eta CUPek akordio batera heltzeko eskatuz.

Kataluniako Parlamentuko 72 diputatu independentistei eskatu diete euren interes alderdikoiak albo batean uzteko eta Gobernu berria eratzeko, hauteskundeak saihestu eta independentziarako ibilbide-orria egiten hasteko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas