Politika -

Katalunia

Masek uko egin dio presidente izateari, eta Puigdemont proposatu du

Carles Puigdemont Gironako egungo alkatea izango da presidentegaia bihar 17:00etan izango den inbestidura-saioan.

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EiTB
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EiTB
Mas badoa Generalitateko presidentetzatik, negoziazioen azken egunean

1:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak ziurtatu duenez, alboratu egingo da eta ez da Generalitateko presidente izateko berrautaketara aurkeztuko. Halaber, iragarri du bihar Kataluniako Parlamentuan egingo den inbestidura saioaren lehendabiziko bozketan izendatuko dutela Carles Puigdemont Gironako egungo alkatea Generalitateko presidente.

Generalitateko Jauregian eskainitako prentsaurrekoan, Masek azpimarratu du erabaki zaila izan dela, baina oso lasai dagoela. Haren esanetan, erabaki guztiek onurak eta kostuak dituzte eta, kasu honetan, "onurak kostuak baino gehiago dira". Dena den, nabarmendu du ez duela "kargurik" nahi eta igande gauean Generalitateko presidente ohi izatera igaroko dela adierazi du.

Masek azaldu du azken orduotan gauzatu dela akordioa eta ez zegoela aurreikusita. Gainera, haren lehentasuna herriaren alde lan egitea dela gaineratu du.

ARTUR MAS EFE

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE

Masek CUPekoekin adostu duenez, Puigdemont bihar presidente inbestituko dute Kataluniako Parlamentuan izandako saioan, eta lehenengo bozketan, gainera.

Hori da akordioaren funtsezko konpromisoa. Ordainetan, CUPeko bi diputatu Junts pel Siren 'parlamentu-disziplinara' igaroko dira. Horrela, ez independentistekin alderatuta, talde horrek diputatu gehiago izango ditu Parlamentuan (64).

"Hautetsontziek eman ez zigutena, negoziazioaren bidez zuzendu egin dugu", azaldu du Kataluniako jarduneko presidenteak.

Gainera, akordio horren arabera, CUPek ez du "inolaz ere" independentziaren aurka dagoen oposizioarekin bat egingo. "Ezin da Everestera espartinekin igo, ondo prestatuta joan behar gara", ondorioztatu du Masek.

Akordio horri esker, "prozesua salbatzen da, Parlamentuak funtzionatzen hasi ahal izango du eta Gobernuak lanean hasi, astero edo hilero haren proposamenak atzera botako ez duten bermearekin".

Inbestidura-saioa, igande arratsaldean

Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak bozeramaileen batzordea deitu du igande honetarako, 16:00etarako. Geroago, Carles Puigdemont presidentegaiaren inbestidura-saioa egingo dute.

Kataluniako Parlamentuak iragarri duenez, bozeramaileekin inbestidura-eztabaida berria adostuko dute eta, parlamentu-taldeekin kontaktuak amaitu ostean, inbestidura-saioa abiatuko dute, 17:00etan, hain zuzen ere.

ARTUR MAS ETA CARLES PUIGDEMONT KATALUNIA CATALUÑA EFE

Artur Mas eta Gironako alkate eta Generalitateko presidentegai Carles Puigdemont. Argazkia: EFE

Ez du politika utziko

Dena dela, Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak gaur nabarmendu duenez, ez du politika mundua utziko, prozesu independentistan eta CDC berriro sortzen "laguntzen" jarraituko du. Gainera, ez du baztertu etorkizuneko hauteskundeetan berriro hautagaia izatea.

Jarduneko presidenteak ez du baieztatu Junts Pel Siren diputatu-agiria utziko ote duen, baina politikan ibiliko dela azpimarratu du. "Segun eta nola doazen gauzak Katalunian, zabalik geratzen da atea", esan du.

Puigdemontek eskerrak eman dizkio

Gironako alkate eta JxSren presidentegai Carles Puigdemontek eskerrak eman dizkio Artur Masi independentziaren aldeko proiektuan "buru izateagatik".

"Hasitako proiektua daukagu, ongi bideratuta eta sendoa. Guztiok gara beharrezkoak. Eskerrik asko, presidente, buru izateagatik eta aurrera egiteagatik", idatzi du Twiterren.

Junquerasen erreakzioa

Bestalde, Oriol Junqueras ERCko presidenteak lotutako akordioan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie. "Eskerrik asko guztiei, ekintza historikoa izan da. Hurrengo geralekua: independentzia! Etorkizuna gurea da, guztiona. Ez dugu amore emango. Ez dugu inoiz egin eta ez dugu inoiz egingo", esan du Twitterren.

'Erronka independentistari aurre egin'

Generalitateko presidentegai berriaren aurrean, betiere legea beteko dela bermatu du Espainiako Gobernuak, eta Espainiako Gobernu berriari deia egin dio espainiar guztien eskubideak defendatu ditzan eta "erronka independentistari" aurre egin diezaion.

CUPek bihar berretsiko du akordioa

Batzorde politikoa eta Parlamentu-Ekintzarako Taldea deitu ditu biharko CUPek Junts Pel Sirekin hitzartutako akordioa berresteko. Akordio horren arabera, Masek testigantza eman dio Carles Puigdemont Gironako alkateari eta, horren ondorioz, hori izango da Generalitaterako presidentegai berria.

CUPeko iturriek jakitera eman duenez, bilera 11:00etan hasiko da CUPEko egoitzan, eta gaur lotutako ituna "berretsi" behar izango dute batzorde politikoa osatzen duten 10 diputatuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas bideoak