Politika -

Kultur Hiriburua

Biktimak aitortzeko hiru ekitaldi egingo dituzte Donostia 2016en

Batean giza eskubideen urraketen biktimak omenduko dituzte, beste batean terrorismoaren biktimak, eta azkenekoan, Frankismokoak.

Fernandez eta Goia, gaur. Argazkia: EiTB
Fernandez eta Goia, gaur.
Fernandez eta Goia, gaur. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak bilera egin du ostegun honetan Eneko Goia Donostiako alkatearekin, Jaurlaritzak aurten Donostian biktimei aitorpena egiteko bultzatuko dituen ekitaldien berri emateko.

Ekimenak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuaren barruan daude, eta bere leloaren mamia hartzen omen dute: "Elkarrekin bizitzeko kultura". Programak aitormenezko hiru ekitaldi aurreikusten ditu: terrorismoaren biktimei, frankismoko biktimei eta 107/2012 dekretuaren babesean dauden biktimei.

Eneko Goiak eta Jonan Fernandezek, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera, Donostiako udaletxean izan duten bileraren ostean hedabideen aurrean azaldu dute programa.

Fernandezek azaldu duenez, hiru ekitaldi hauekin lortu nahi dena da "biktimekiko elkartasunak berariazko proiekzioa" izatea Europako Kultura Hiriburuaren barruan, "bakea eta bizikidetza munduari eman nahi dion mezuaren muina ditu eta".

Goiak adierazi du biktimei zor zaien memoria eta justiziarekin bat egiten dutela ekimen hauek eta hori erabat lotuta dagoela Donostia 2016ren "Elkarrekin Bizi" goiburuarekin. Hori dela eta, Donostiako alkatearen ustez, "albiste pozgarria da hiriak horrelako ekimenak hartzea, izan ere, bakean eta bizikidetzan eredu izan nahi du".

Ekitaldiak

Horrela, Jaurlaritzak 2016an biktimak aitortzeko egingo dituen ekitaldien egitarauak hiru ekitaldi izango ditu. Hasteko, otsailaren 20an, Donostiako Kursaalen giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko ekitaldia izango da, 107/2012 Dekretuaren babesean daudenenak. Aitorpen ekitaldi hori giza eskubideen urraketak jasan dituzten onartu gabeko biktimei ordaina emateko proposamenei buruzko jardunaldiaren esparruan egingo da.

Bigarrenik, martxoaren 11n, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin bat eginez, Donostiako Paseo Berrian dagoen Oteizaren "Eraikuntza Hutsa" eskulturaren aurrean, terrorismoaren biktimak aitortzeko ekitaldian parte hartzeko deia egingo zaie erakunde guztietako ordezkariei.

Azkenik, maiatzaren 7an, aurten Gerra Zibila hasi zela 70 urte beteko direnez, frankismoko biktimak aitortzeko ekitaldi bat egingo da Donostiako Aiete jauregian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia argazkiak Gipuzkoako albisteak Donostia 2016 argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Albisteak Gaur Kultura Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak Gaur