Politika -

Eusko Legebiltzarra

Autogobernuaren batzordeak azterketa faseari ekingo dio otsailean

Batzordeak beste lan-egutegi bat adostu du, otsailaren 3an abiatuko dena.

Autogobernuaren lantaldearen barru-barruan dagoela dio EH Bilduk

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autogobernuaren batzordeak fase berri bati ekingo dio otsailaren 3an. Fase horretan, talde parlamentario bakoitzaren proposamenak aztertuko dira, txikienetik handienera, UPyDtik hasita. Helburua da legegintzaldi honetan Gernikako Estatutua berritzeko "oinarri politiko, ekonomiko eta sozialak" onartzea.

Gaur goizean izandako batzarrean alderdi bakoitzak Autonomia Estatutuaren balizko aldaketari buruzko bere proposamena azaltzeko erabili du, eta, ondoren, hedabideen aurrean azaldu dira lanen nondik norakoen berri emateko.

EAJ hala eskatuta, batzordeak beste lan-egutegi bat adostu du, otsailaren 3an abiatuko dena. Egun horretan alderdiek UPyDren proposamena aztertuko dute.

Hortik aurrera, gainerako taldeen (PP, PSE, EH Bildu eta EAJ) testuak landuko dira, bat etortzeak zein bat ez etortzeak identifikatzeko, balizko adostasun batera iritsi aldera.

EAJren bozeramaile Joseba Egibarrek esan duenez, hemendik eta legegintzaldia bukatu arte (aurreikuspenen arabera, urrian) batzordeak “zenbait oinarri politiko, ekonomiko eta sozial onartzea” espero du, "proiektu politiko berri bat eratzeko balioko dutenak".

Egibarrek azaldutakoaren arabera, bere alderdiaren proposamenak "bermedun negoziazioa" planteatzen du Estatuarekin, aldebikotasunetik abiatuta; hala ere, ohartarazi du negoziazioari uko egiteak eta galdeketak debekatzeak aldebakartasunari ateak irekitzen diotela.

Bere aldetik, Pello Urizarrek (EH Bildu) ziurtatu du bere alderdiak "batzeko borondatea" duela, eta nahiago duela "Eskozian edo Quebec-en egon den bezalako prozesua egotea". "Ez duguna nahi da, erabakitzeko eskubidea ukatzen bada, Madrilen egoera noiz aldatuko zain egon behar izatea", gaineratu du.

Isabel Celaá (PSE) azaldu du bere taldeak Gernikako Estatutuaren eguneraketaren inguruan "ahalik eta adostasun gehien" lortzeko asmoa duela, eta eztabaida horri heltzeko bi era daudela iritzi dio: konstituzioa aldatuta edota aldatu gabe. Gaineratu duenez, PSEk ez dio uko egiten agertoki bietan lan egiteari.

Erabakitzeko eskubideari buruz, era "anbiguoan" formulatuta dagoela gogoratu du, eta ez dakitela ondo zer dakarren berekin. Gainera, ohartarazi du munduko inongo konstituziok ez duela sezesio-aukera jasotzen.

PPko bozeramaile Borja Sémper batzordearen lan egiteko modu berriaren aurka agertu da, zeren, bere aburuz, “argiro azaldu ez duen xede politiko bati erantzuten dion luzamenduzko amarrua da, EH Bildurekin Estatutuaren balizko berriztapenaren inguruan edo estatus politiko berri baten inguruan adostasun-puntuak lortzeko”.

Gorka Maneiroren (UPyD) ustez, ezinbestekoa da bere alderdiak planteatutako "konstituzioaren eta estatutuaren berriztapenak egitea", eta erabakitzeko eskubidea Espainiako herritar guztiei dagokiela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ UPyD albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP Albisteak